Euskaraldia eta haratago!

Dagoeneko jakingo duzuen bezala, badator Euskaraldia, azaroaren 23tik abenduaren 3ra hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala. Honezkero izena emana izango duzue, ezta? Nola?!?! Batzuek oraindik ez duzuela argi zer eta zertarako den? Ai, ai, ai… ea hori argitzerik dugun…

Beno, egia esanda, Euskaraldia zertan datzan jakiteko, uste dut onena www.euskaraldia.eus atarira jotzea duzuela; bertan baino hobeto nik ez dizuet azalduko, ziur. Baina, tira, behin gaiari helduta, oinarrizkoena behintzat aipatuko dizuet.

Labur-labur esanda, nik esango nuke Euskaraldia erronka bat dela, honako erronka: euskaraz dakigunok 11 egunez euskara hutsez bizitzea geure eguneroko bizimodu arruntean (“ahobizi” rola). Eta horretan laguntzeko, euskara ulertzen dutenek haiekin euskaraz egitera animatuko gaituzte, txapa identifikagarri batzuen bidez (“belarriprest” rola). Erraz ulertu da, ezta?

Eta ariketa sozial honen helburu nagusiak hauexek lirateke:

  • Inoiz baino euskaldun gehiagok inoiz baino euskara gehiago egitea, hau da, euskaraz dakiten guztiak euskaraz hitz egiten jartzea.

  • Euskaldun horiek erdaraz erantzun baina euskara ulertzen dutenekin euskaraz hitz egiten jarraitzea, hizkuntzaz ez aldatzea.

  • Uste baino gehiagotan eta gehiagorekin euskaraz bizi gaitezkeela ohartzea.

Hori guztia beteko balitz, ez izan zalantzarik, aspaldian baino euskaldunagoa izango litzateke Euskal Herria, baina, jakina, hori guztia betetzeko funtsezkoa da 11 egun horietan geure buruetan “klik” bat egitea, ohitura aldaketa bat burutzea, alegia. Eta hori ez da hain gauza erraza, ohiturazko animaliak baikara, eta ohitura zaharrak utzi eta berriak hartzeak ahalegina eskatzen du.

Hain zuzen ere, horregatik izango da ariketa soziala: zure hizkuntza ohiturak aldatzea, ondokoek betiko moduan jarraitzen duten bitartean eta, gainera, zeu zertan ari zaren jakin eta ulertu gabe, nekeza eta zaila izan daiteke; denok jakinik zertan ari garen eta, gainera, guztiek helburu bera (hizkuntza ohitura aldatzea) baldin badugu, berriz, kontua errazagoa eta arinagoa bihur daiteke.

Orain argiago gelditu da zer den Euskaraldia? Orduan, animatuko zarete parte hartzera, ezta? Oso ondo, oso ondo, ez nuen gutxiago espero. Aurrerapauso ederra izan daiteke euskararen biziberritzean.

Baina nik ez nuke horrela utzi nahi kontua eta, izenburuan diodan bezala, haratago joan nahiko nuke. Euskaraldiak, aurreko guztiaz gain (eta ez da gutxi!), beste gauza bat lortzeko ere balio izatea nahi nuke: euskaldunok ohartzeko dena ez dagoela norbanakoon esku, euskararen egoeraren ardura guztia ez dagoela geure hizkuntza ohituretan soilik, badirela geure borondatearen gainetik dauden oztopoak. Zertaz ari naizen?

Honetaz, besteak beste: oraindik euskararik jakin eta ulertuko ez duten belaunaldiak sortzen direla (A ereduan, gehienbat; eta ez du axola gutxi diren, denok ongi baitakigu “noentiendotar” bat nahikoa dela hamar euskaldun erdaraz hizketan jartzeko); erakunde gehienek erdara hutsez funtzionatzen dutela eta, euskarazko tratua nahi izanez gero, berez desatseginak diren tramiteak zaildu eta luzatu egiten direla (bestela, proba egin ezazu osasun-etxe, komisaldegi edota epaitegi batean); euskarak, sarriegitan, jarraitzen duela langile publiko izateko ezinbesteko baldintza izan gabe; ustez geure zerbitzura dauden zenbait polizia autonomikok, herritarrak euskarazko tratua exijitzean, isunak jartzen dituztela, eta ez dela ezer gertatzen (uda honetan halako bi kasu izan dira: bata, Bilboko Aste Nagusian; bestea, Donostian); kirol epaileek kirolariei euskaraz egitea debekatzeko edo euskaraz egiteagatik lehiatik kanporatzeko eskubidea dutela pentsatzen dutela (begiratu Donostiako X. Emakumezkoen Triatloian gertatutakoa)…

Tira, eta hau guztia gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoaz ari naizela! Pentsa zenbat oztopo Iparraldean eta Nafarroa Garaian!

Beraz, inozentea izatea litzateke pentsatzea dena norberaren esku dagoela, geure borondatea baino ez dela behar euskararen egoera aldatzeko. Ez, ez da nahikoa. Geure borondatez egiten dugun hizkuntza hautua garrantzitsua da, bai, baina horrekin batera ezinbestekoa dugu erakundeetatik euskaraz bizitzea oztopatzen diguten trabak kentzeko lanari ekitea, eta maizegi ez da egiten.

Hori dela eta, benetan espero dut Euskaraldiak balio izatea euskaldunok aktibatzeko, baina ez euskararen erabiltzaile aktibo izateko bakarrik, baita euskaldun bezala euskaraz bizitzeko dugun eskubidea aktiboki defendatu eta aldarrikatzeko ere.

Ez dezatela ardura guztia herritarron bizkarrean jarri! Guk geure partea egingo dugu Euskaraldian, noizko erakundeek eurena?

Eneko Oiartzabal Gerriko

Hondarribia aldizkarian 2018ko urrian argitaratua

“Zuek bultza hortik, eta guk hemendik tira”

Uda igaro den honetan, eta horrekin batera ikasturte berria hasi dugularik, oso aproposa iruditu zait gure herriko gazte/ikasleen inguruan aritzea. Baina oraingo honetan, neure buruaz pixka bat aspertuta edo, mezulari huts izatera mugatuko naiz, nire iritziak hilero jasaten baitituzue, eta irakurleek ere ziur aski izango duzue haize freskoaren beharra.

Hona ekarri dudan testua Pako Agirrek idatzia da, une jakin batean barne-barnetik ateratako adierazpen hunkigarria. Antza denez, gutun hau Talaia Institutuko arduradunei eman zien, eta hauek, berau irakurritakoan, guraso guztiei zabaltzea erabaki zuten. Hain zuzen ere, guraso horietako baten bidez heldu da nire eskuetara, eta Pakoren baimenarekin ekarri dut hona, “harekin egokien iruditzen zaizuna egiteko”.

Gauzak horrela, hemen behean duzue testua. Ziur nago adierazpen itxuraz xume baina zintzo eta zuzen honek, era batera edo bestera, ez zaituztela indiferente utziko.

Hortaz, goazen harira! Honatx gutuna:

Jaun-andre estimagarri horiek:

Lehenengo eta behin, gutun honekin esan nahiko nizueke ez nukeela kritika suntsitzailea egin nahi, eraikitzailea baizik, ez bainaiz nor besteen lanetan sartzeko. Baina norbaitek bihotzean min sumatzen duenean sendagilearena jo behar duela uste dudanez, zuengana jotzen dut, zuek ere baitzarete, kasu honetan, sendagileak.

Hirurogei eta hamar urteko pertsona naiz, hondarribiarra, gurasoengandik ikasi nuen euskara, eta hain maite dut nire hizkuntza non, orain, lan-erretiroa hartu ondoren, hobetzeari eman diodan.

Neure buruaren aurkezpena egin ondoren, harira joan nahiko nuke.

Joan den astean, ez dakit zein egun zen, goizeko hamaiketan Butron pasealekutik nenbilela, Institutuko gazte andana ikusi nuen. Taldetan banaturik zeuden, eta «ginkana» joko batean edo zebiltzan. Hurbiltzen nindoala, batzuk gaztelaniaz zebiltzala aditu nuen. Ziztada sumatu nuen bihotzean. Aurrera jo, eta hurrengoak berdin ari zirela, eta hurrengoak eta hurrengoak ere bai. Ziztada infartua bilakatu zen.

Pentsatzen jarri nintzen, batzuetan hori ere egiten baitut, eta neure buruari galdetu nion: Zer egin diagu gaizki? Zertarako balio izan dik urteetan zenbait jendek egindako lana? Zerbait lortu al diagu? Erantzunik gabeko galdera asko, gehiegi, agian.

Hasieran esaten nuen ez nuela kritika suntsitzailea egin nahi, eraikitzailea baizik, eta hala da. Badakit eskolak ezin duela hau konpondu, ez, behintzat, bakarrik eskolak. Badakit etxekook ere egin, eta ekin behar dugula, baina, bien bitartean, honela gaude; Francok berak suntsitu ezin izan zuena, guk geuk suntsituko dugu.

Ez dakit zer egin dezakezuen zuek; nik zer egin dezakedan badakit, eta egingo dut, ez dudarik izan.

Zuek bultza hortik, eta guk hemendik tira, ea denon artean kapaz garen egoerari buelta emateko.

Mila esker zuen ulertzeagatik, eta barkatu zerbaitetan faltatu izan badut.

 Pako Agirre

Eman dizue zer pentsatua, ezta? Niri bai, eta bereziki azpimarratuko nuke, etsipenetik sortzen bada ere, batez ere mezu itxaropentsua dela Pakorena. Izan ere, etsipenari aurre egiteko modu bakarra, bizinahia galdu ezean behintzat, gauzak alda daitezkeela pentsatzea baita: ezina ekinez egina, alegia. Eta hortxe dago hitz gakoa, nire ustez: “ekinez”. Aurten badugu ekiten hasteko aukera paregabea: Euskaraldia, gure hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa.

Beraz, badakizue, “zuek bultza hortik, eta guk hemendik tira”, eta ziur denon artean kapaz izango garela egoerari buelta emateko. Besterik ez da behar: ekin eta aurrera!

Eneko Oiartzabal Gerriko (baina Pako Agirreri esker!)

Hondarribia aldizkarian 2018ko irailean argitaratua

Ustezko neutraltasunak ezkutatzen duena

Pertsona batzuen jarrerak orain dela urte dexente ikusitako film bat ekartzen dit gogora: No man’s land, En tierra de nadie espainolez. Danis Tanovic-ek zuzendu zuen 2001ean, Jugoslaviako guda hartuta hizpide, eta horretarako, egoera bitxi batetik abiatzen da: bi suren artean harrapatuta eta elkarrekin gelditzen diren alde banatako bi soldaduren istorioa. Gomendagarria benetan!

Baina, tira, filma “saldu” eta gero, noan harira. Gauza da filmean Nazio Batuek bidalitako Kasko Urdinak agertzen direla, “bake indar” gisa, bi aldeekiko neutral. Bada, bertan Kasko Urdin frantses batek zera zioen, haiek betetzen zuten paperarekin kritiko: neutrala izatea ez da bakearen alde egitea, indartsuenaren alde egitea baizik.

Eta horixe bera da, hain zuzen ere, jarrera batzuek oroitarazten didatena. Baina zein jarrera dira horiek? Hona pasadizo batzuen bidez azalduta.

Izen “euskaldunegiak”

Halaxe esan zidan batek, bai, etortzekoa den semearen izen aukerak zein ziren aipatu nionean. Berak izen “neutroagoak” proposatzen zizkidan, “kosmopolitagoak”; badakizu, ezin gara gure mundu “txiki” honetara mugatu, nazioartekoak izan behar dugu eta abar eta abar.

Nik, ordea, diskurtso horri bi arazo ikusten dizkiot. Lehena da ez dagoela jatorririk gabeko izenik, “neutrorik”. Kosmopolitatzat hartzen direnek/dituztenek ere badute berea, hori bai, herri indartsuena normalean. Beraz, nik ez diot inori esango zein izen jarri bere seme alabei, eta ez dut arazorik izen ustez kosmopolita horiekin ere, baina ez zait batere zentzugabea iruditzen Euskal Herriko ume euskaldun batek izen euskalduna izatea.

Eta honekin lotuta dator bigarren arazoa: pertsona honi ez litzaioke burutik pasa ere egingo ingeles bati izen “ingelesegia” duela esatea, edo italiar bati, edo frantses bati; ezta herrialde txikiagoko bati ere, esaterako, holandar edo suediar bati.

Hitz gutxitan esanda: diskurtso ustez kosmopolita hori faltsua da. Ez da, ez neutroa, ez nazioartekoa, baizik eta indartsuen aldekoa, euskaldunoi gainerako herrien parekoak ez garela esaten diguna, eta horregatik besarkatu behar omen ditugu beste herri handiago edota “errespetagarriagoen” izenak.

Okerrena da pertsona hauek ez direla faltsukeria horretaz ohartzen, eta benetan uste dutela haien jarrera/diskurtsoa oso irekia eta kosmopolita dela; baina ez, benetan ez dira kosmopolitak, “kosmopaletoak” baizik.

Zein erradikala zaren, beti euskaraz!

Tabernako barran, aurrean latinoamerikar itxurako zerbitzaria, eta nik “bi kaña eta gintonic bat, mesedez”. Pixka bat arraro begiratu dit eta nik berriro errepikatu diot lehen esandakoa, baina oraingoan kopuruak hatzekin adieraziz. Oraingoan bai, “vale” esan eta eskatutakoa prestatzeari ekin dio. Orduan, ondoan zegoen lagunak bota dit: “Jo, Eneko, zergatik egiten diozu euskaraz, ez al duzu ikusten atzerritarra dela?”. Eta nik erantzun diot: “Horregatik errepikatu diot, modu oso onean eta atzamarrekin lagunduta. Orain, behintzat, “bat” eta “bi” ezagutzen ditu. Gainera, zuk nola zenekien ez dakiela euskaraz? Gaztea da, bertan ikasitakoa izan zitekeen, eskolan, edo euskaltegira joaten da eta praktikatzeko irrikaz dago”. Lagunak begirada okertu eta esan dit: “Zein erradikala zaren, beti euskaraz egiten duzu, berdin zaizu nor dagoen aurrean!”, eta nik, ordurako bere jarrerarekin nekatuta, bota diot: “Zu bezain erradikala! Nik, badaezpada, lehen hitza beti euskaraz egiten dut, bai, hala bizi naizelako (edo hobe esanda, hala bizitzen saiatzen naizelako); baina zuk ere, badaezpada, lehen hitza beti erdaraz egiten duzu, hala bizi zarelako. Beraz, niri ez etorri kontu eske edo akusazio faltsuekin!”.

Amorratzen nau horrek, haien espainoltasuna normaltasun eta “neutraltasun” osoz bizi dutenek zeu akusatzea, zergatik eta zuk zeure euskalduntasuna normaltasunez bizitzen saiatzeagatik, hau da, haiek egiten duten gauza bera egiteagatik.

Bitartean, zerbitzariak edariak atera eta kobratu dizkit. Kanbioak itzultzean, “eskerrik asko” eta irribarretxo batekin agurtu nau.

Ze, “panfletoa” irakurtzen?

Horixe omen da Euskal Herriko euskarazko egunkari bakarra, “panfletoa”. Gipuzkoan salduena den egunkaria, berriz, “objektiboa” eta “neutrala” da. Zein ausarta den ezjakintasuna!

Ez dut ukatuko, noski, Euskal Herriko euskarazko egunkari bakarrak bere “posizioak” dituenik: Euskal Herria du abiapuntu, eta gainerakoa atzerria da, alegia, Euskal Herriak (osoak) ezartzen duela “hemen” eta “han” arteko muga; Euskal Herri osoko albisteak ematen ditu, honela “gu, euskaldunak” ideia sustatuz, hau da, euskaldun guztiok (berdin du zein estatutan edo lurraldetan bizi) Herri berekoak garen ideia bultzatzen du; Espainiaz bezainbeste hitz egiten du Frantziaz (azken batean, egunkari honen ikuspuntutik biak baitira atzerria); euskarari eta euskarazko kultur sorkuntzari (literatura, zinema, antzerkia, musika…) zentralitatea ematen dio, baina horrek ez du esan nahi gainerakoei tokirik ematen ez dienik; eta abar.

Orain, hori guztia onartuta, goazen Gipuzkoan salduena den egunkariaren ikuspegia agerian uztera: Espainia (estatua) du abiapuntu, eta gainerakoa (Ipar Euskal Herria barne) atzerria da, hau da, Espainiak ezartzen du “hemen” eta “han” arteko muga; euskaldunen arteko banaketa eta “probintzianismoa” indartzen du, batez ere gipuzkoar eta bizkaitarren arteko etsaigoa auspotuz, baina baita Iparraldeko euskaldunak “frantses” bezala eta Nafarrokoak “nafar” bezala aurkeztuz ere, eta horrekin bigarren mailako “hemen” eta “han” bat sortzen du, probintziari dagokiona, “gu, gipuzkoarrak; gu, espainolak” ideia sustatuz, hau da, euskaldunok Herri berekoak ez garen ideia bultzatzen du; Espainiako albisteek, Frantziakoekin alderatuta, zentralitate osoa dute (azken batean, egunkari honen ikuspuntutik “gu” espainolak gara eta “haiek” frantsesak, kitto); euskarak eta euskarazko kultur sorkuntzak ia ez dute tokirik, bazterrekoak dira, eta aipatzen direnean ere gehienetan kutsu folklorikoz tratatuak dira, eta euskara ia beti “inposición” edo “coste” hitzekin lotuta joan ohi da; eta abar.

Hortaz, bai, egunkari bakoitzak bere ikuskera du, eta norberak jakingo du zein nahiago duen. Baina arriskutsuena da ez ohartzea guztiek dutela ikuspuntu jakin bat, horrela sartzen baitigute haien ikuspegia buruan konturatu ere egin gabe.

Azken batean, horixe da ustezko neutraltasunaren alderdi maltzurrena, engainatu egiten duela. Diskurtso hegemonikoak (boteretsuenak) bere ideologia eta ikuskera ezkutatu egiten du egia objektibo eta absolutuaren (neutraltasunaren) itxurapean, eta pertsonok, “neutral” eta “objektibo” izan nahi horretan, ez gara ohartu ere egiten indartsuenen diskurtso eta jarrerak “irentsi” baizik ez ditugula egiten.

Hau da hau… Bai gezur borobila, neutraltasunarena!

Eneko Oiartzabal Gerriko

Hondarribia aldizkarian 2018ko abuztuan argitaratua

 

 

 

Nola arraio lortu euskaldun izatea?

“Euskaraz egiten jakinda” erantzun lezake jende askok eta, hein batean, ez litzaioke arrazoirik faltako, baina nahikoa al litzateke euskaraz egiten jakitea euskaldun izateko? Euskal Herria euskalduna litzateke bertakoek euskaraz jakite hutsarekin?

Gauza da askotan “euskaldun” hitzak esanahi lauso eta zalantzagarria izan ohi duela, nahasmena sortuz: zer da? Euskal Herrian bizitzea? Euskaraz jakitea? Euskaraz bizitzea? Eta, hain zuzen ere, nahasmen hori argitzeko asmoz idatzi nuen aurreko hileko artikulua (Zer arraio da euskaldun izatea?). Berau irakurri duenak jakingo du ez dela gauza bera “euskal herritar”, “euskaradun” edo “euskaldun” izatea, eta euskaldun izateko, euskaraz jakiteaz gain, euskaraz bizitzea ezinbestekoa dela; bestela, lehen paragrafoko galderari erantzunez, Euskal Herria ez bailitzateke euskalduna izango, ezta bertakoek euskaraz jakinda ere.

Hala, artikulu horretan, azken galdera bat plazaratzen zen: nola egin gure seme-alabak, euskaradunak ez ezik, euskaldunak ere izateko? Bestela esanda: nola arraio lortu (norbera/gazteak/guztiok) euskaldun izatea? Galdera potoloa eta erantzuten zaila, errazagoa baita euskaldun izatea zer den esatea, baina nola lortzen den hori? Lerrootan saiatuko naiz, xume-xume bada ere, horri erantzun bat ematen.

Nire uste apalean, bi bide nagusi daude euskaradunak euskaldun izatea lortzeko:

Batetik, kontzientziazioa. Kontziente izan behar dugu euskaldun izateko euskaraz bizi behar dugula; jakiteak ez duela askorako balio, ez badugu erabiltzen; Euskal Herria izen huts bat baino ez dela izango, bertakoak ez badira euskaraz bizi; bi hizkuntza edo gehiago jakiteak ez duela esan nahi gauza bera denik batean edo bestean aritzea; Herri izaera euskarak ematen digula, eta hori ez dela museoetan edo EGA tituluetan gordetzen den zerbait, baizik eta egunero bizitzen eta eraikitzen dena. Hitz gutxitan: gure izatearen erdigunean jarri behar dugula, aita edo ama, aitona edo amona, arrantzalea, nekazaria, medikua edo garbitzalea… izatea bezainbeste, gutxienez.

Eta bestetik, euskal elebidun izatea. Elebidun guztiak ez baitira berdinak: bi hizkuntza ondo jakinda ere, badira erdaraz hobeto eta errazago (“naturalago” nahi bada) moldatzen direnak, badira bietan berdintsu moldatzen direnak, eta badira euskaraz hobeto moldatzen direnak ere. Kontuan hartzen badugu “elebidun orekatuak” edo bietan berdintsu moldatzen direnak oso eskasak direla errealitatean (balantzak ia beti jotzen baitu batera edo bestera), dudarik gabe euskal elebidunak dira erabilera bermatuko dutenak, euskaraz biziko direnak.

Eta nola lortzen da euskal elebidun izatea? Bada euskaraz ahalik eta gehien biziz. Inuitek dioten bezala, hizkuntza baita erabiliaren erabiliaz zorroztu egiten den tresna bakarra. Bai, badakit, hau da hau sorgin gurpila! Euskaraz bizitzeko (euskaldun izateko) euskal elebidun izan behar, eta euskal elebidun izateko euskaraz bizi behar; beraz, nola egin hori? Bada, esate baterako, gure seme-alabei ingurunerik ahalik eta euskaldunena eskainiz (eskolan ez ezik, baita etxean, kirolean, musikan, telebistan… ere), horrek euskaraz bizitzera bultzatuko baititu eta, horrela, euskara izango baita gehien “zorroztuko” zaien hizkuntza.

Hortaz, horra euskaldun izatea lortzeko bi bide. Gainera, biak nolabait lotuta daude: kontzientzia maila altua duenak euskaraz bizitzeko ahalegina egingo du, horrek euskara “zorroztea” eragingo dio, eta azkenean euskara erdara baino “naturalago” aterako zaio, euskal elebidun bilakatuz (lehendik ez bazen); euskal elebidunak, berriz, hain natural biziko du euskaraz bizitzearena, ez zaio burutik pasa ere egingo euskaldun izan daitekeenik euskaraz bizi gabe.

Tira, ez ezazue hau guztia goi mailako zientziatzat hartu, nire burutazioak baino ez dira-eta. Beharbada gaian adituagoak eta arituagoak direnek beste bide batzuk planteatuko lituzkete, edo nik adierazitakoei ñabardurak egingo lizkiekete, edo “baina” batzuk ere aipatuko lituzkete… Beharbada zeuk ere, irakurle. Baina lehen begirada batean, behinik behin, horiek biak bururatu zaizkit niri.

Eta amaitzeko, jarraian letorzkeen galderak: hori (kontzientziazioa eta euskal elebidunak izatea, alegia) lortzen ari al gara? Euskaraz dakien jendea zer da gero eta gehiago, euskalduna ala euskaraduna? Aurrerantz al goaz? Hauek bai behar dutela azterketa luzea, sakona eta ñabarduraz betea. Ea beste batean…

Eneko Oiartzabal Gerriko

Hondarribia aldizkarian 2018ko uztailean argitaratua

Baina zer arraio da euskaldun izatea?

Euskal Herrian bizitzea? Euskaraz jakitea? Eguneroko bizitza euskaraz egitea? Nahasmen handia sortzen da maiz “euskaldun” hitza erabiltzean: batzuetan, zenbaitek adiera batez erabiltzen dute, eta beste batzuek, beste batez; beste batzuetan, pertsona berberak esanahi bata edo bestea eman diezaioke, egoera edota testuinguruaren arabera; eta, azkenik, badira nahasmen edo zehaztasun falta hori baliatzen dutenak errealitatea ezkutatu eta denak berdintzeko.

Baina argi dago ez direla gauza bera: Ala gauza bera al litzateke euskaraz ez dakien jendez osatutako Euskal Herria, euskaraz jakin bai baina erabiltzen ez duenaz osatutakoa eta euskaraz bizi direnez osatutakoa? Zalantzarik gabe, ez.

Gauzak horrela, zer arraio da euskaldun izatea? Norbaitek hitzaren jatorriari errepara liezaioke eta esan euskalduna “euskara duena” dela, baina, jatorriak jatorri, hitzak aldatuz doaz gizartea aldatuz doan bezala, eta sarritan hasierako esanahi hori, iragana, ez zaigu baliagarria izaten etorkizuna eraikitzeko. Hori dela eta, nik beste nonbaitetik jo nahiko nuke: hiru adiera horietatik zein da euskal hiztun komunitateak behar duena biziraupenerako? Hau da, herri bezala, zeinek berma diezaguke etorkizuna? Nire ustez, hortxe dago koska.

Hala, euskalduntzat Euskal Herrian bizi direnak hartuko bagenitu, etorkizunean Euskal Herria izen huts bat baino ez litzateke izango, Cartagena den bezala, adibidez, cartagotarren arrastorik gabea, esanahirik gabeko izen bat besterik ez.

Eta horren ordez, eta izenaren jatorri etimologikoari helduz (euskalduna, “euskara duena”), euskaldun izatea euskaraz jakitea dela erabakiko bagenu, aurreko emaitza berbera izan genezake: euskal hiztun komunitaterik gabeko Euskal Herria, non euskaraz jakitea ingelesa jakitearen parekoa den: jakin bai, baina norberarena ez den hizkuntza, ”arrotza” edo “bestea” bezala sentitzen dena, erabiltzen ez dena; edo are okerrago, hizkuntza hil baten azken arrasto gisa ikusten dena, egunerokotik kanpo, “erritual” jakinetara mugatua. Ez al da hau, gauzak aldatu ezean, behintzat, Irlandan gertatzen ari dena?

Hortaz, gaur gaurkoz nik argi dut: euskaraz bizi direnak dira euskaldunak, kitto. Besteak izango dira euskal herritarrak (bertan bizi direlako) edo euskaradunak (euskaraz dakitelako), baina ez euskaldunak, euskaraz bizi direnak baitira herriaren, hiztun komunitatearen etorkizuna ziurta dezaketen bakarrak.

Horrela, hasieran aipatutako hiru adierak, hitz eta esanahien arteko nahaste-borrastea eragiten dutenak, argitu ditugulakoan nago. Hiru esanahi, hiru hitz: euskal herritarrak, euskaradunak eta euskaldunak. Eta azken hauek euskal etorkizunaren berme bakarrak.

Orain, gauzak argituta, zera galdetu beharko genuke: zer etorkizun ari gara eraikitzen? Zer nolakoak dira belaunaldi berriak? Azken batean, zer dira gure seme-alabak? Euskaldunak, euskaradunak ala euskal herritarrak? Zintzotasunez erantzunda, etorkizuna nolakoa izan daitekeen atzeman eta bertan eragiteko aukera ona izango genuke.

Eta belaunaldi berrietan euskaldun gutxiegi daudela ondorioztatuko bagenu, beste honako hau galdetu beharko genuke: nola egin gure seme-alabak, euskaradunak ez ezik, euskaldunak ere izateko? Galdera honi erantzuna emateko gai bagina, lan erdiak eginak genituzke. Baina, jakina, hau ez da erraza erantzuten, eta luze jo lezake, gainera.

Beraz, hobe hori beste baterako uztea, eta lehenbiziko galderarekin hastea: nire inguruan zer nolakoak ikusten ditut belaunaldi berriak? Azken finean, zer dira gure seme-alabak eta euren lagunarteak? Euskaldunak, euskaradunak ala euskal herritarrak? Ezinbestekoa baita, ezertan hasi baino lehen, diagnostiko egokia egitea.

Eneko Oiartzabal Gerriko

Hondarribia aldizkarian 2018ko ekainean argitaratua