Lehenengo Blagan eguna ederki ospatu genuen!

Gure lehen Blagan Eguna, eguraldiaren konplizitaterik batere gabe, aurrera atera genuen atzo, eta nota onarekin, askoren ustean behintzat. Goizean Arraun elkarteko traineruan pankarta itsasotik lehorrera eraman ondoren, Abiyuan txarangak lagunduta kalejira egin zen. Soroetako frontoian “mosaikoa”ren ekimenaren aurkezpena egin ondoren, paella goxo-goxoa dastatzeko aukera izan genuen. Eta ondoren dantzara! Dantzan, bai, asko eszeptiko samar ginen Ttipikak agindutakoa lortuko ote zuen, eta baietz esan behar da, gutxi izango baitziren batere dantzarik egin ez zutenak. Elektropatxarangak, bestetik, jende gazte asko hurbilarazi zuen arratsaldeak aurrera egin ahala. Aipatzeko beste gauza asko ere izango dira eta joango gara polikiago horiek partekatzen. Polita izan zen belaunaldi guztietako jendea elkartzea eta denak elkarrekin blagan eta dantzan aritzea. Eskerrik asko hau dena posible izateko hainbeste lan egin duzuen guztioi eta partehartzaileei ere!!

blagan_eguna_05 blagan_eguna_01 blagan_eguna_04 blagan_eguna_03 blagan_eguna_02

KOMUNIKABIDEETAN BLAGAN EGUNARI BURUZ ATERATAKO ZENBAIT ALBISTE:

BIDASOKO HITZA, 2017/06/03,Itsasotik lehorrera, “Itxeki euskarari, itsasotik lehorrera”, Asier Perez-Karkamo : Atzitu

BIDASOKO HITZA, 2017/06/02,Eguraldiak Soroetara mugituko du Blagan Eguna”, Asier Perez-Karkamo : Atzitu

BIDASOKO HITZA, 2017/06/02,Biltzea da bilatzen duguna, euskaldunok elkartzea”, Asier Perez-Karkamo : Atzitu

EL DIARIO VASCO, 2017/05/31,Euskara festa giroan bizitzeko aukera”, Joseba Zubialde : Atzitu

ZAZPI ALDIZKARIA, 2017/05/31,“‘Blagan Eguna’ el sábado en Hondarribia” : Atzitu

NOTICIAS DE GIPUZKOA, 2017/05/31,Blagan Eguna ospatuko dute larunbatean Hondarribian”, Xabier Sagarzazu : Atzitu

MAHAI-INGURUA: euskarak gaur egun Hondarribian bizi duen egoera.

Eguna: Maiatzak 5, ostirala

Ordua: 19:00 – 21:00

Lekua: Kultur Etxeko areto nagusia

Hizlariak: Xabier Isasi , Maite Berruet eta Mikeldi Zeberio. Ainhara Zuazabeitia bideratzaile lanetan ariko da.

Martxoaren 9an euskararen erabileraren kale neurketaren emaitzak aurkeztu zituen Hondarribiako Udalak. Ikerketa hau Soziolinguistika Klusterrak egin du eta metodologia honekin ez zen sekula egin Hondarribian. Esan beharra dago Blaganek ere baduela parte, ikerketa hau egitearen aldeko azaldu baikinen Udalarekin izandako bileretan.

Orain arteko datuen arabera, Eustatek egindako inkesten arabera, Hondarribian euskararen ezagutzaren bilakaera azken urteetan ondorengoa izan da:

mahaiingurua_eustat

Hondarribian euskararen ezagutzak gora egin du adin batetik beherakoen artean, eta hori pozgarria da. Ezagutzarekin bat erabilerak ez du, ordea, proportzioan gora egin, beste faktore batzuk tartean sartzen direlako. Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketan zera ikus daiteke:

mahaiingurua_kaleneurketa

Mahai inguru honetan Xabier Isasik kontu hauek nola gertatzen diren ulertzen lagunduko digu, bera izan baitzen Klusterrak erabiltzen duen metodologiaren sortzaileetako bat. Maite Berruetek lan zabala egina dauka Hondarribian egin den hizkuntza-plangintzari buruz eta bere ikerketaren kontu aipagarrienak ekarriko dizkigu, baita proposamenak ere. Mikeldi Zeberio, besteak beste, HIZNET – Hizkuntza Plangintza Graduondokoko irakaslea da eta herri desberdinetan euskara sustatzeko erabiltzen diren eta erabil daitezkeen bideen ezaguera zabala dauka, eta bere ekarpenak egingo dizkigu.

Euskara gehiago entzun nahi zenuke kalean? Gaztetxoenen artean euskara gutxi entzuteak kezkatzen zaitu? Edo helduen artean gutxi entzuteak? Zatoz bada eta mahai-inguruan gauza hauetaz guztietaz elkarrekin hitz egiteko aukera izango dugu.

Oharra: Hondarribiko Udalari eskertzen diogu mahai inguru hau egiteko aretoa eta baliabide teknikoak gure esku jartzea.

Badator Korrika! Blaganeko bazkide zera eta lekukoa eraman nahi duzu?

Kaixo Blagankide,

Aurtengo Korrikan km bat erosiko da Blagan elkartearen izenean eta, bazkide  guztiei lekukoa eramateko aukera eman nahi denez, interesa duten bazkideen artean zozketa bat egitea erabaki da.
Korrika Hondarribira apirilaren 4ean, asteartea, ailegatuko da. Gure km-zenbakia 1202 da eta lekukoa Mendeluko Zubian, semaforoan, hartuko da. Bertan 15:45 inguruan egon beharko da. 

Lekukoa eraman nahi baduzu bete ondorengo formularioa:

  Korrika lekukoa eramateko zozketa

edo bidali e-mail bat euskarazblagan@gmail.com helbidera zure izen-abizenak eta kontaktu telefonoa adieraziz.

Mila esker eta zorte on!