Datorren igandean, otsailaren 5ean 20:00etan, ‘Jainko basatia’ antzerkia komedia dramatikoa izango dugu euskaraz Itsas Etxea Auditoriumean. Sarrerak 10 eurotan saltzen dira, 5 eurotan 18 urtetik beherakoentzat, https://ticket.kutxabank.es/ gunean, ARMA PLAZAn larunbata arte eta ekitaldia hasi baina bi ordu lehenagotik Itsas Etxean bertan.
Zuzendaria Begoña Bilbao da eta egilea Yasmina Reza. Aktoreak aldiz, Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Tessa Andonegi, Mikel Laskurain eta Andoni Agirregomezkorta dira.
Bi bikote ezkondu elkartzen dira euren seme-alaben arteko liskarrak konpontzeko asmotan; izan ere, bikote baten semeak besteari eraso egin dio. Giza-legez eta edukazio handiz abiatu den bilerak beste bide bat hartuko du, elkarri kristonak eta bi esaten hasten direnean, bata eta besteen frustrazio eta mixeriak azalduz. Ane (Aitziber Garmendia), Alexen emaztea da eta banku baten egiten du lan. Emakume lasaia dirudi, baketsua, alkoholaren aparretan murgiltzen den arte. Alex (Mikel Losada) arrakasta handiko abokatu gaztea da, zintzoa, burlatia, zuzena eta mugikorrik izan ezean, galduta dabilen horietakoa. Xanti (Andoni Agirregomezkorta/ Mikel Laskurain) Veronikaren senarra da. Burdingilea, gizon lasaia eta emaztearen gonapean bizi dena, bileran zehar lehertzen den arte. Emaztearen kontra egingo du bere alderdi ilun eta arranguratsuak erakutsiz. Veronika (Tessa Andonegi) kultura handiko etxekoandre aurrerakoia da. Tragu pare bat hartuz gero itxuraldatu eta erresumindu egiten da, bere frustrazio guztiak azaleratuz.
Kategoria: Albisteak
Euskararen nazioarteko egunean Blagan, blagan eta blagan euskaraz!
Larunbatean Blagan Euskara Elkarteak, euskararen nazioarteko eguna ospatzeko asmoz, triki poteoa antolatu zuen eguerdirako. Hondarribitar talde majoa elkartu zen eta trikitien laguntzarekin tragoskak hartu eta elkarrekin euskaraz blagan aritu ziren!
Ondoren Olagarro elkartean bazkaria antolatuta zegoen. Sukaldariek prestaturiko babarrun goxo eta arkume on baten ondoren, arratsalde ederra pasatu zuten elkarrekin, mus txapelketa eta guzti!
Hemen ikus ditzazkezue horren froga diren zenbait argazki eta Bidasoko Hitzan idatzitako artikulurako esteka ere: sakatu hemen
Hondarribiko euskarari buruzko artikulua Argia aldizkarian
Kapen, blagan, billaba, txotxua hitz arruntak dira Hondarribian. Herriko hitz eta esamoldeak, ohikoak eta ez hain ezagunak, biltzen hasi zen Ketxus Ponce, jolas modura, eta 800 baino gehiago ditu dagoeneko. Facebookeko Honddarbiko hitzak orrialdean osatzen doa Hondarribiko euskararen artxiboa, jendeak sare sozialean bertan egiten dituen ekarpen, ñabardura eta eztabaidek aberastua.
(Argia aldizkariaren 2.532. zenbakian Mikel Garcia Idiakezek publikatutako artikulua. EGIN KLIK HEMEN OSORIK IRAKURTZEKO).