Artikulua: RIDIKULURIK EZ, MESEDEZ

Ideia zabaldua da pertsona baten ahotsak, hizkuntza batean edo bestean ari den, doinu ezberdina hartzen duela. Ez dakit zehatz-mehatz zer den aldatzen dena -ahoskera, tonua, tinbrea…-, baina badirudi hizkuntza bakoitzak baduela bere “melodia”. Eta ez naiz ni izango hori zalantzan jartzen duena: niri, adibidez, beti iruditu izan zait emakume estatu batuar guztiek “normala” baino tonu batzuk altuago hitz egiten dutela ingelesez ari direnean; eta gaztelaniaz hasten direnean, berriz, jaitsi egiten zaiela, eta ez da hain zorrotza izaten. Beraz, horraino dena ondo, dena normal.

Baina gurean -Hondarribian eta Euskal Herrian- kontu hauetan ere, nola ez, normaletik baino haratago doazen gauzak gertatzen dira: zenbaitzuri, euskaraz hitz egiten dutenean, doinua bakarrik ez, guztia aldatzen zaie. Pertsona goitik beheraino transformatzen da, ridikuluraino.

Esate baterako, badut ezagun bat beti erdaraz aritzen dena, baina zu euskaraz hurbilduz gero, ez du ridikuluarena egiteko aukera pasatzen uzten. Normal-normal egotetik, euskaraz hitz egiten hasi eta, bat-batean, hortxe jartzen zaizu izugarrizko kolpeak jotzen bizkarrean, harro-harro bularra puztuta eta besoak zabal-zabalik, harri bat jasotzen edo aizkoraz enbor bat mozten hasi beharko balu bezala.

Eta hizketan… Ai ama, hizketan! Ziur imajinatzen duzuela: ozen-ozen, ahoskera txol esajeratuarekin “kaguen zzzotzzzzzz!”, “izzzzugarriya!” eta halakoak botatzen, “z” eta “tz”-ak neurriz kanpo markatuz.

Beno, eta gaia ere, ia beti berdina: “Euskaldunak “la ostia” gara!”. Ez dute ia inoiz euskaraz egiten, baina egiten dutenean halako “euskal harrotasuna”  pizten zaie, ematen du gauza guztietan onenak garela. Zein astunak jartzen diren!

Eta, noski, halako “ikuskizun” baten aurrean, hor zaude zu, pentsatzen: baina tipo hau ergela da edo zer? Zergatik jartzen da horrela euskaraz hasten denean? Akaso uste du euskaldunok “Vaya Semanita”-n edo “Ocho Apellidos Vascos”-en agertzen diren moduko parodiak garela? Hori ulertuko nuke,  beharbada, andaluziarra-edo balitz; badakizu, betiko estereotipoak. Baina hori Hondarribian ikusi behar izatea ere! Noiz eta XXI. mendean! Eta jende gaztea, gainera! Flipatzekoa!

Orduan, zuk pentsatzen jarraitzen duzu: eta orain zer? Esango diot, mesedez, ridikulurik ez egiteko, edo aurpegira barre egingo diot -ea, horrela, konturatzen den egiten ari den ridikuluaz-, edo zuzenean garondoko bat emango diot? Ez dakit. Beharbada, hasteko, onena izango da “mesedez, ridikulurik ez” esatea, xuabe-xuabe. Baina horrek ez badu funtzionatzen, zapla! Garondoko eder bat. Eta aurpegira barre egitearena? Hori, hobe azkenerako uztea; kolpearekin jarriko duen aurpegiarekin bai egingo duzula barre!

Eneko Oiartzabal Gerriko, Blagan-eko kidea

Hondarribia aldizkarian argitaratuta, 2016ko maiatzako alea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude