Artikulua: ERDARAREN MISTERIOA

Irakurle, zenbatetan aditu ote duzu egungo gazteak erdaraz baino ez direla aritzen? Edo zenbatetan esan ote duzu, amorratuta, zeuk halakorik? Zenbatetan entzun ote dituzu, penaturik, neska-mutil euskaldun jator askoak gaztelaniaz blagan eta blagan? Edo zenbatetan eskatu ote diezu, desesperazioz, zeure seme-alaba nerabeei euskaraz egiteko? Badirudi, ahalegin guztiak eginda ere (etxean txikitatik umeei euskaraz, eskolan bizitza osoa D ereduan,  EGA ateratzeko egindako izerdiak…), ez dela nahikoa gaztetxoek gure hizkuntza ez baztertzeko, eta Cervantesen hizkuntzaren lilurak harrapatuta ez gelditzeko.

Eta ez pentsa, irakurle, horretara bakarrik mugatzen denik espainiera ahalguztidunaren boterea, ez: are urrunago doa eta ume txikienenganaino ere heldu da. Honelaxe esan zidan orain gutxi lagun batek, zeharo harrituta: “Gure hiru urteko semea gaztelaniaz hitz egiten hasi zaigu eta ez dakigu non ikasi duen ere! Guk -baita senideek ere- beti egiten diogu euskaraz, eta eskolan ere dena da euskara hutsez. Sinestezina benetan!”. Sinestezina, bai, eta misteriotsua. Nolatan da posible? Non datza espainolaren indarra? Airean dagoen birus bat bezalakoa da, geldiezina? Edo naturaz gaindikoa ote da, Jainkoa bezala, eta ezin zaio izkin egin? Baina, egiari zor, ni ez naiz inoiz oso sinestuna izan, eta gertaera horri azalpen arrazional bat bilatzen saiatu nintzen.

Horretarako, pentsatzen jarri eta inguruari erreparatu nion -terraza batean ginen, lagun koadrila bat, eta batzuen eta besteen seme-alabak batetik bestera zebiltzan jolasean-. Eta une hartan ohartu nintzen terrazako mahai buelta hartan ginen heldu koadrila osoa erdara hutsez ari zela jo eta su, ez bazen umeei edota txakurrei hitz egiteko, noski; eta tabernaren bazter batean dagoen telebista ere gaztelaniaz ari zela -eta aritzen dela ia beti-, baita barraren izkinan zeuden egunkariak ere. Egin kontu! Momentu batean begiak itxi, belarriak erne jarri eta Leongo alde zaharreko terraza batean nintzela imajinatu nuen -edo Madrilgo auzo bat ere izan zitekeen-, oporretan, tapa goxo eta merke horietako bat jaten eguzkitan; jakina, harik eta begiak ireki eta kontuan jan-edarien prezioa ikusi nuen arte: Hondarribian nintzen, dudarik ez.

Orduan, behin bidaia mental hartatik itzulita, haurrak imajinatu nituen beren buruari galdetzen: “Zergatik egiten digute helduek euskaraz guri eta txakurrei bakarrik? Gurasoentzat gu txakurren parekoak ote gara? Guk, ordea, ez dugu txakurrak bezalakoak izan nahi; guk handiak bezalakoak izan nahi dugu! Eta horretarako, handiek bezala, erdaraz egin beharko dugu, ezta? Gainera, nola ez dugu gaztelaniaz egingo, euskaraz egitea zaunka egitea bezala bada!”.

Baina agudo baztertu nituen pentsamendu horiek burutik; ziur nago neska-mutikoek ez dituztela halako burutazioak izaten. Zergatik pentsatuko dute halakorik? Horixe ikusten dutelako? Zer ikusi, hura ikasi? Baita zera ere! Badakizu, umeek ez diote ingurukoari erreparatzen; ez diote munduari eta ikusten dutenari kasurik egiten; ez dute inolako kuriositaterik. Eta, zer esanik ez, sekula ez dituzte helduen -eta batez ere gurasoen- portaerak imitatzen. Hori pentsatzea ere!

Azkenean, ideia absurdo bat baino ez zela ohartuta, errealitatera itzuli nintzen, terrazara, lagunarteko berriketa lasaiera. Hortxe aritu ginen, arratsera arte, gure seme-alabek zein marrazki bizidun ikusten dituzten komentatzen: Pocoyò, Peppa pig, Bob Esponja, Dora la Exploradora… Kontxo, hor ere euskarazkoen arrastorik ez! Berriro etorri zitzaizkidan aurreko ideia zoroak burura…

Baina, irakurle, lasai, segituan konturatu nintzen baztertu beharreko txorakeriak zirela, burutazio zentzugabeak, eta hobe zela horiek behingoz burutik kentzea; azken batean, ez dezala misterioa galdu kontuak! Hobe, etxeko txikiak erdaraz entzutean, harritu aurpegia jartzen segitzea eta, gero, liluraturik, esatea: “Non ikasi ote dute? Hain da misteriotsua erdararen indarra! Sinestezina benetan!”.

Eneko Oiartzabal Gerriko, Blaganeko kidea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude