Artikulua: HOGEITA BAT EGUN BAINO EZ

Nonbait irakurria dut eguneroko ohiturak aldatzeko hogeita bat egun behar direla, hau da, jokabide zahar bat -edozein delarik ere- beste berri batengatik ordezkatu nahi izanez gero, jokabide berri hori hogeita bat egunetan jarraian errepikatu beharra dagoela ohitura bihurtzeko: lehen egunean kosta egingo da, beharbada bigarrenean ere bai, baina hirugarrenean gutxixeago, eta laugarrenean are gutxiago… eta horrela, azkenean, hirugarren astean ia pentsatu gabe egitera heldu arte.

Norbaitek esan dezake ohiturak aldatzea zaila dela, baina zer nahi duzue esatea, niri hiru aste -21 egun- ez zait hainbesterako iruditzen. Hasieran zaila dela? Bai, lehen egunetan batez ere, baina pentsa: behin lehen egun horiek pasata, gero eta errazagoa izango da eta, azkenean, ohitura bilakatutakoan, urteak eta urteak iraungo ditu -berriro aldatu nahi ez izatekotan, jakina-. Beraz, hiru astetako “lana” urte askotarako “saria”-ren truke, ez zait hain tratu txarra iruditzen.

Bestalde, badira egunero egiten ez ditugun baina ohitura bihurtzen diren kontuak: Gabonak, Alardea, Olinpiadak, Errenta-aitorpena (azken honetara batzuk besteak baino ohituago daude, halere)… Eta halakoak bilakatu dira Kilometroak, Herri Urrats, Nafarroa Oinez eta abar ere: urtean behin ospatzen dira, jendetza biltzen dute eta, gero, hurrengo urtera arte.

Hain zuzen ere, horietako bat -hunkigarrienetako bat, nonbait- dugu Korrika. Orain gutxi ospatu da -bi urtean behin egiten da- eta, urtero bezala, jendetzak egin du bat Korrikarekin, bai Hondarribian, bai Euskal Herri osoan. Gauza gutxik mugiarazten du hainbeste jende eta hain kolore ezberdinetakoa.

Baina heldu da, ondoren, biharamuna; eta horrekin batera, errealitate gordina. Korrikan parte hartu duen jende guztiak euskaraz egingo balu, beste egoera batean egongo ginateke, dudarik gabe. Hala, ikusi ditugu Hondarribiko kaleak jendez gainezka, denok korrika euskararen alde, eta, era berean, kezka handiz ikusi ditugu herrian egindako euskararen erabilerari buruzko ikerketaren emaitzak: Hondarribian entzuten diren elkarrizketen laurden bat baino ez dira euskaraz, eta gazteen artean -euskaraz gehien dakitenen artean, alegia- hamarretik bat baino ez. Hau panorama!

Hori ikusita, argi dago eguneroko ohiturak eta urtean behin edo bi urtean behin egiten direnak ez direla berdinak: lehenengoek errealitatea sortzen dute egunero, bigarrengoek egun bakarreko eragina baino ez dute (hala ere, aztertzekoa litzateke Korrikak egunerokoan uzten duen arrastoa: beharbada oso txikia, ia ezer ez; beharbada uste baino handiagoa, kontzientzia astindua).

Arrastoak arrasto, gauza da ekainaren 3an izango dela ekimen bat Hondarribian, Korrikak bezala, jendetza bildu eta ohitura bihurtu nahi duena: Blagan eguna. Baina Euskararen Egunaren aldean, esaterako, honek ez du izan nahi haren aldeko egun soil bat, arrastorik uzten ez duena, baizik eta gure egunerokoan -bakoitzak ahal duen heinean- euskaraz bizi garenok elkartzen garen eguna. Bestela esanda, ez dadila izan urtero euskaraz egiteko ospatzen dugun egun bakarreko ohitura -ezohiko- bat, baizik eta egunero -ohituraz- euskaraz bizitzen saiatzen garenon elkartzeko eta ospatzeko eguna.

Horregatik, eta bukatzeko, oraindik euskaraz egunero bizitzeko hautua egin ez duzuenok gonbidatu nahi zaituztet Blagan egunean parte hartzera, eta bertan zuen ohitura aldaketari hasiera ematera. Horrela, San Juan Gauerako -hiru astetara- gaztelaniaz egiteko ohitura zaharra sutara bota, eta euskaraz bizitzen hasteko.

Tira, anima zaitez, hogeita bat egun baino ez dira eta!

Eneko Oiartzabal, Blagan-eko kidea

Hondarribia aldizkarian argitaratuta, 2017ko maiatzako alea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude