“Euskaraz egiten jakinda” erantzun lezake jende askok eta, hein batean, ez litzaioke arrazoirik faltako, baina nahikoa al litzateke euskaraz egiten jakitea euskaldun izateko? Euskal Herria euskalduna litzateke bertakoek euskaraz jakite hutsarekin?
Gauza da askotan “euskaldun” hitzak esanahi lauso eta zalantzagarria izan ohi duela, nahasmena sortuz: zer da? Euskal Herrian bizitzea? Euskaraz jakitea? Euskaraz bizitzea? Eta, hain zuzen ere, nahasmen hori argitzeko asmoz idatzi nuen aurreko hileko artikulua (Zer arraio da euskaldun izatea?). Berau irakurri duenak jakingo du ez dela gauza bera “euskal herritar”, “euskaradun” edo “euskaldun” izatea, eta euskaldun izateko, euskaraz jakiteaz gain, euskaraz bizitzea ezinbestekoa dela; bestela, lehen paragrafoko galderari erantzunez, Euskal Herria ez bailitzateke euskalduna izango, ezta bertakoek euskaraz jakinda ere.
Hala, artikulu horretan, azken galdera bat plazaratzen zen: nola egin gure seme-alabak, euskaradunak ez ezik, euskaldunak ere izateko? Bestela esanda: nola arraio lortu (norbera/gazteak/guztiok) euskaldun izatea? Galdera potoloa eta erantzuten zaila, errazagoa baita euskaldun izatea zer den esatea, baina nola lortzen den hori? Lerrootan saiatuko naiz, xume-xume bada ere, horri erantzun bat ematen.
Nire uste apalean, bi bide nagusi daude euskaradunak euskaldun izatea lortzeko:
Batetik, kontzientziazioa. Kontziente izan behar dugu euskaldun izateko euskaraz bizi behar dugula; jakiteak ez duela askorako balio, ez badugu erabiltzen; Euskal Herria izen huts bat baino ez dela izango, bertakoak ez badira euskaraz bizi; bi hizkuntza edo gehiago jakiteak ez duela esan nahi gauza bera denik batean edo bestean aritzea; Herri izaera euskarak ematen digula, eta hori ez dela museoetan edo EGA tituluetan gordetzen den zerbait, baizik eta egunero bizitzen eta eraikitzen dena. Hitz gutxitan: gure izatearen erdigunean jarri behar dugula, aita edo ama, aitona edo amona, arrantzalea, nekazaria, medikua edo garbitzalea… izatea bezainbeste, gutxienez.
Eta bestetik, euskal elebidun izatea. Elebidun guztiak ez baitira berdinak: bi hizkuntza ondo jakinda ere, badira erdaraz hobeto eta errazago (“naturalago” nahi bada) moldatzen direnak, badira bietan berdintsu moldatzen direnak, eta badira euskaraz hobeto moldatzen direnak ere. Kontuan hartzen badugu “elebidun orekatuak” edo bietan berdintsu moldatzen direnak oso eskasak direla errealitatean (balantzak ia beti jotzen baitu batera edo bestera), dudarik gabe euskal elebidunak dira erabilera bermatuko dutenak, euskaraz biziko direnak.
Eta nola lortzen da euskal elebidun izatea? Bada euskaraz ahalik eta gehien biziz. Inuitek dioten bezala, hizkuntza baita erabiliaren erabiliaz zorroztu egiten den tresna bakarra. Bai, badakit, hau da hau sorgin gurpila! Euskaraz bizitzeko (euskaldun izateko) euskal elebidun izan behar, eta euskal elebidun izateko euskaraz bizi behar; beraz, nola egin hori? Bada, esate baterako, gure seme-alabei ingurunerik ahalik eta euskaldunena eskainiz (eskolan ez ezik, baita etxean, kirolean, musikan, telebistan… ere), horrek euskaraz bizitzera bultzatuko baititu eta, horrela, euskara izango baita gehien “zorroztuko” zaien hizkuntza.
Hortaz, horra euskaldun izatea lortzeko bi bide. Gainera, biak nolabait lotuta daude: kontzientzia maila altua duenak euskaraz bizitzeko ahalegina egingo du, horrek euskara “zorroztea” eragingo dio, eta azkenean euskara erdara baino “naturalago” aterako zaio, euskal elebidun bilakatuz (lehendik ez bazen); euskal elebidunak, berriz, hain natural biziko du euskaraz bizitzearena, ez zaio burutik pasa ere egingo euskaldun izan daitekeenik euskaraz bizi gabe.
Tira, ez ezazue hau guztia goi mailako zientziatzat hartu, nire burutazioak baino ez dira-eta. Beharbada gaian adituagoak eta arituagoak direnek beste bide batzuk planteatuko lituzkete, edo nik adierazitakoei ñabardurak egingo lizkiekete, edo “baina” batzuk ere aipatuko lituzkete… Beharbada zeuk ere, irakurle. Baina lehen begirada batean, behinik behin, horiek biak bururatu zaizkit niri.
Eta amaitzeko, jarraian letorzkeen galderak: hori (kontzientziazioa eta euskal elebidunak izatea, alegia) lortzen ari al gara? Euskaraz dakien jendea zer da gero eta gehiago, euskalduna ala euskaraduna? Aurrerantz al goaz? Hauek bai behar dutela azterketa luzea, sakona eta ñabarduraz betea. Ea beste batean…
Eneko Oiartzabal Gerriko
Hondarribia aldizkarian 2018ko uztailean argitaratua