Euskaraldia eta haratago!

Dagoeneko jakingo duzuen bezala, badator Euskaraldia, azaroaren 23tik abenduaren 3ra hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala. Honezkero izena emana izango duzue, ezta? Nola?!?! Batzuek oraindik ez duzuela argi zer eta zertarako den? Ai, ai, ai… ea hori argitzerik dugun…

Beno, egia esanda, Euskaraldia zertan datzan jakiteko, uste dut onena www.euskaraldia.eus atarira jotzea duzuela; bertan baino hobeto nik ez dizuet azalduko, ziur. Baina, tira, behin gaiari helduta, oinarrizkoena behintzat aipatuko dizuet.

Labur-labur esanda, nik esango nuke Euskaraldia erronka bat dela, honako erronka: euskaraz dakigunok 11 egunez euskara hutsez bizitzea geure eguneroko bizimodu arruntean (“ahobizi” rola). Eta horretan laguntzeko, euskara ulertzen dutenek haiekin euskaraz egitera animatuko gaituzte, txapa identifikagarri batzuen bidez (“belarriprest” rola). Erraz ulertu da, ezta?

Eta ariketa sozial honen helburu nagusiak hauexek lirateke:

  • Inoiz baino euskaldun gehiagok inoiz baino euskara gehiago egitea, hau da, euskaraz dakiten guztiak euskaraz hitz egiten jartzea.

  • Euskaldun horiek erdaraz erantzun baina euskara ulertzen dutenekin euskaraz hitz egiten jarraitzea, hizkuntzaz ez aldatzea.

  • Uste baino gehiagotan eta gehiagorekin euskaraz bizi gaitezkeela ohartzea.

Hori guztia beteko balitz, ez izan zalantzarik, aspaldian baino euskaldunagoa izango litzateke Euskal Herria, baina, jakina, hori guztia betetzeko funtsezkoa da 11 egun horietan geure buruetan “klik” bat egitea, ohitura aldaketa bat burutzea, alegia. Eta hori ez da hain gauza erraza, ohiturazko animaliak baikara, eta ohitura zaharrak utzi eta berriak hartzeak ahalegina eskatzen du.

Hain zuzen ere, horregatik izango da ariketa soziala: zure hizkuntza ohiturak aldatzea, ondokoek betiko moduan jarraitzen duten bitartean eta, gainera, zeu zertan ari zaren jakin eta ulertu gabe, nekeza eta zaila izan daiteke; denok jakinik zertan ari garen eta, gainera, guztiek helburu bera (hizkuntza ohitura aldatzea) baldin badugu, berriz, kontua errazagoa eta arinagoa bihur daiteke.

Orain argiago gelditu da zer den Euskaraldia? Orduan, animatuko zarete parte hartzera, ezta? Oso ondo, oso ondo, ez nuen gutxiago espero. Aurrerapauso ederra izan daiteke euskararen biziberritzean.

Baina nik ez nuke horrela utzi nahi kontua eta, izenburuan diodan bezala, haratago joan nahiko nuke. Euskaraldiak, aurreko guztiaz gain (eta ez da gutxi!), beste gauza bat lortzeko ere balio izatea nahi nuke: euskaldunok ohartzeko dena ez dagoela norbanakoon esku, euskararen egoeraren ardura guztia ez dagoela geure hizkuntza ohituretan soilik, badirela geure borondatearen gainetik dauden oztopoak. Zertaz ari naizen?

Honetaz, besteak beste: oraindik euskararik jakin eta ulertuko ez duten belaunaldiak sortzen direla (A ereduan, gehienbat; eta ez du axola gutxi diren, denok ongi baitakigu “noentiendotar” bat nahikoa dela hamar euskaldun erdaraz hizketan jartzeko); erakunde gehienek erdara hutsez funtzionatzen dutela eta, euskarazko tratua nahi izanez gero, berez desatseginak diren tramiteak zaildu eta luzatu egiten direla (bestela, proba egin ezazu osasun-etxe, komisaldegi edota epaitegi batean); euskarak, sarriegitan, jarraitzen duela langile publiko izateko ezinbesteko baldintza izan gabe; ustez geure zerbitzura dauden zenbait polizia autonomikok, herritarrak euskarazko tratua exijitzean, isunak jartzen dituztela, eta ez dela ezer gertatzen (uda honetan halako bi kasu izan dira: bata, Bilboko Aste Nagusian; bestea, Donostian); kirol epaileek kirolariei euskaraz egitea debekatzeko edo euskaraz egiteagatik lehiatik kanporatzeko eskubidea dutela pentsatzen dutela (begiratu Donostiako X. Emakumezkoen Triatloian gertatutakoa)…

Tira, eta hau guztia gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoaz ari naizela! Pentsa zenbat oztopo Iparraldean eta Nafarroa Garaian!

Beraz, inozentea izatea litzateke pentsatzea dena norberaren esku dagoela, geure borondatea baino ez dela behar euskararen egoera aldatzeko. Ez, ez da nahikoa. Geure borondatez egiten dugun hizkuntza hautua garrantzitsua da, bai, baina horrekin batera ezinbestekoa dugu erakundeetatik euskaraz bizitzea oztopatzen diguten trabak kentzeko lanari ekitea, eta maizegi ez da egiten.

Hori dela eta, benetan espero dut Euskaraldiak balio izatea euskaldunok aktibatzeko, baina ez euskararen erabiltzaile aktibo izateko bakarrik, baita euskaldun bezala euskaraz bizitzeko dugun eskubidea aktiboki defendatu eta aldarrikatzeko ere.

Ez dezatela ardura guztia herritarron bizkarrean jarri! Guk geure partea egingo dugu Euskaraldian, noizko erakundeek eurena?

Eneko Oiartzabal Gerriko

Hondarribia aldizkarian 2018ko urrian argitaratua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.