Euskaraldia eta haratago!

Dagoeneko jakingo duzuen bezala, badator Euskaraldia, azaroaren 23tik abenduaren 3ra hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala. Honezkero izena emana izango duzue, ezta? Nola?!?! Batzuek oraindik ez duzuela argi zer eta zertarako den? Ai, ai, ai… ea hori argitzerik dugun…

Beno, egia esanda, Euskaraldia zertan datzan jakiteko, uste dut onena www.euskaraldia.eus atarira jotzea duzuela; bertan baino hobeto nik ez dizuet azalduko, ziur. Baina, tira, behin gaiari helduta, oinarrizkoena behintzat aipatuko dizuet.

Labur-labur esanda, nik esango nuke Euskaraldia erronka bat dela, honako erronka: euskaraz dakigunok 11 egunez euskara hutsez bizitzea geure eguneroko bizimodu arruntean (“ahobizi” rola). Eta horretan laguntzeko, euskara ulertzen dutenek haiekin euskaraz egitera animatuko gaituzte, txapa identifikagarri batzuen bidez (“belarriprest” rola). Erraz ulertu da, ezta?

Eta ariketa sozial honen helburu nagusiak hauexek lirateke:

  • Inoiz baino euskaldun gehiagok inoiz baino euskara gehiago egitea, hau da, euskaraz dakiten guztiak euskaraz hitz egiten jartzea.

  • Euskaldun horiek erdaraz erantzun baina euskara ulertzen dutenekin euskaraz hitz egiten jarraitzea, hizkuntzaz ez aldatzea.

  • Uste baino gehiagotan eta gehiagorekin euskaraz bizi gaitezkeela ohartzea.

Hori guztia beteko balitz, ez izan zalantzarik, aspaldian baino euskaldunagoa izango litzateke Euskal Herria, baina, jakina, hori guztia betetzeko funtsezkoa da 11 egun horietan geure buruetan “klik” bat egitea, ohitura aldaketa bat burutzea, alegia. Eta hori ez da hain gauza erraza, ohiturazko animaliak baikara, eta ohitura zaharrak utzi eta berriak hartzeak ahalegina eskatzen du.

Hain zuzen ere, horregatik izango da ariketa soziala: zure hizkuntza ohiturak aldatzea, ondokoek betiko moduan jarraitzen duten bitartean eta, gainera, zeu zertan ari zaren jakin eta ulertu gabe, nekeza eta zaila izan daiteke; denok jakinik zertan ari garen eta, gainera, guztiek helburu bera (hizkuntza ohitura aldatzea) baldin badugu, berriz, kontua errazagoa eta arinagoa bihur daiteke.

Orain argiago gelditu da zer den Euskaraldia? Orduan, animatuko zarete parte hartzera, ezta? Oso ondo, oso ondo, ez nuen gutxiago espero. Aurrerapauso ederra izan daiteke euskararen biziberritzean.

Baina nik ez nuke horrela utzi nahi kontua eta, izenburuan diodan bezala, haratago joan nahiko nuke. Euskaraldiak, aurreko guztiaz gain (eta ez da gutxi!), beste gauza bat lortzeko ere balio izatea nahi nuke: euskaldunok ohartzeko dena ez dagoela norbanakoon esku, euskararen egoeraren ardura guztia ez dagoela geure hizkuntza ohituretan soilik, badirela geure borondatearen gainetik dauden oztopoak. Zertaz ari naizen?

Honetaz, besteak beste: oraindik euskararik jakin eta ulertuko ez duten belaunaldiak sortzen direla (A ereduan, gehienbat; eta ez du axola gutxi diren, denok ongi baitakigu “noentiendotar” bat nahikoa dela hamar euskaldun erdaraz hizketan jartzeko); erakunde gehienek erdara hutsez funtzionatzen dutela eta, euskarazko tratua nahi izanez gero, berez desatseginak diren tramiteak zaildu eta luzatu egiten direla (bestela, proba egin ezazu osasun-etxe, komisaldegi edota epaitegi batean); euskarak, sarriegitan, jarraitzen duela langile publiko izateko ezinbesteko baldintza izan gabe; ustez geure zerbitzura dauden zenbait polizia autonomikok, herritarrak euskarazko tratua exijitzean, isunak jartzen dituztela, eta ez dela ezer gertatzen (uda honetan halako bi kasu izan dira: bata, Bilboko Aste Nagusian; bestea, Donostian); kirol epaileek kirolariei euskaraz egitea debekatzeko edo euskaraz egiteagatik lehiatik kanporatzeko eskubidea dutela pentsatzen dutela (begiratu Donostiako X. Emakumezkoen Triatloian gertatutakoa)…

Tira, eta hau guztia gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoaz ari naizela! Pentsa zenbat oztopo Iparraldean eta Nafarroa Garaian!

Beraz, inozentea izatea litzateke pentsatzea dena norberaren esku dagoela, geure borondatea baino ez dela behar euskararen egoera aldatzeko. Ez, ez da nahikoa. Geure borondatez egiten dugun hizkuntza hautua garrantzitsua da, bai, baina horrekin batera ezinbestekoa dugu erakundeetatik euskaraz bizitzea oztopatzen diguten trabak kentzeko lanari ekitea, eta maizegi ez da egiten.

Hori dela eta, benetan espero dut Euskaraldiak balio izatea euskaldunok aktibatzeko, baina ez euskararen erabiltzaile aktibo izateko bakarrik, baita euskaldun bezala euskaraz bizitzeko dugun eskubidea aktiboki defendatu eta aldarrikatzeko ere.

Ez dezatela ardura guztia herritarron bizkarrean jarri! Guk geure partea egingo dugu Euskaraldian, noizko erakundeek eurena?

Eneko Oiartzabal Gerriko

Hondarribia aldizkarian 2018ko urrian argitaratua

“Zuek bultza hortik, eta guk hemendik tira”

Uda igaro den honetan, eta horrekin batera ikasturte berria hasi dugularik, oso aproposa iruditu zait gure herriko gazte/ikasleen inguruan aritzea. Baina oraingo honetan, neure buruaz pixka bat aspertuta edo, mezulari huts izatera mugatuko naiz, nire iritziak hilero jasaten baitituzue, eta irakurleek ere ziur aski izango duzue haize freskoaren beharra.

Hona ekarri dudan testua Pako Agirrek idatzia da, une jakin batean barne-barnetik ateratako adierazpen hunkigarria. Antza denez, gutun hau Talaia Institutuko arduradunei eman zien, eta hauek, berau irakurritakoan, guraso guztiei zabaltzea erabaki zuten. Hain zuzen ere, guraso horietako baten bidez heldu da nire eskuetara, eta Pakoren baimenarekin ekarri dut hona, “harekin egokien iruditzen zaizuna egiteko”.

Gauzak horrela, hemen behean duzue testua. Ziur nago adierazpen itxuraz xume baina zintzo eta zuzen honek, era batera edo bestera, ez zaituztela indiferente utziko.

Hortaz, goazen harira! Honatx gutuna:

Jaun-andre estimagarri horiek:

Lehenengo eta behin, gutun honekin esan nahiko nizueke ez nukeela kritika suntsitzailea egin nahi, eraikitzailea baizik, ez bainaiz nor besteen lanetan sartzeko. Baina norbaitek bihotzean min sumatzen duenean sendagilearena jo behar duela uste dudanez, zuengana jotzen dut, zuek ere baitzarete, kasu honetan, sendagileak.

Hirurogei eta hamar urteko pertsona naiz, hondarribiarra, gurasoengandik ikasi nuen euskara, eta hain maite dut nire hizkuntza non, orain, lan-erretiroa hartu ondoren, hobetzeari eman diodan.

Neure buruaren aurkezpena egin ondoren, harira joan nahiko nuke.

Joan den astean, ez dakit zein egun zen, goizeko hamaiketan Butron pasealekutik nenbilela, Institutuko gazte andana ikusi nuen. Taldetan banaturik zeuden, eta «ginkana» joko batean edo zebiltzan. Hurbiltzen nindoala, batzuk gaztelaniaz zebiltzala aditu nuen. Ziztada sumatu nuen bihotzean. Aurrera jo, eta hurrengoak berdin ari zirela, eta hurrengoak eta hurrengoak ere bai. Ziztada infartua bilakatu zen.

Pentsatzen jarri nintzen, batzuetan hori ere egiten baitut, eta neure buruari galdetu nion: Zer egin diagu gaizki? Zertarako balio izan dik urteetan zenbait jendek egindako lana? Zerbait lortu al diagu? Erantzunik gabeko galdera asko, gehiegi, agian.

Hasieran esaten nuen ez nuela kritika suntsitzailea egin nahi, eraikitzailea baizik, eta hala da. Badakit eskolak ezin duela hau konpondu, ez, behintzat, bakarrik eskolak. Badakit etxekook ere egin, eta ekin behar dugula, baina, bien bitartean, honela gaude; Francok berak suntsitu ezin izan zuena, guk geuk suntsituko dugu.

Ez dakit zer egin dezakezuen zuek; nik zer egin dezakedan badakit, eta egingo dut, ez dudarik izan.

Zuek bultza hortik, eta guk hemendik tira, ea denon artean kapaz garen egoerari buelta emateko.

Mila esker zuen ulertzeagatik, eta barkatu zerbaitetan faltatu izan badut.

 Pako Agirre

Eman dizue zer pentsatua, ezta? Niri bai, eta bereziki azpimarratuko nuke, etsipenetik sortzen bada ere, batez ere mezu itxaropentsua dela Pakorena. Izan ere, etsipenari aurre egiteko modu bakarra, bizinahia galdu ezean behintzat, gauzak alda daitezkeela pentsatzea baita: ezina ekinez egina, alegia. Eta hortxe dago hitz gakoa, nire ustez: “ekinez”. Aurten badugu ekiten hasteko aukera paregabea: Euskaraldia, gure hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa.

Beraz, badakizue, “zuek bultza hortik, eta guk hemendik tira”, eta ziur denon artean kapaz izango garela egoerari buelta emateko. Besterik ez da behar: ekin eta aurrera!

Eneko Oiartzabal Gerriko (baina Pako Agirreri esker!)

Hondarribia aldizkarian 2018ko irailean argitaratua

Ustezko neutraltasunak ezkutatzen duena

Pertsona batzuen jarrerak orain dela urte dexente ikusitako film bat ekartzen dit gogora: No man’s land, En tierra de nadie espainolez. Danis Tanovic-ek zuzendu zuen 2001ean, Jugoslaviako guda hartuta hizpide, eta horretarako, egoera bitxi batetik abiatzen da: bi suren artean harrapatuta eta elkarrekin gelditzen diren alde banatako bi soldaduren istorioa. Gomendagarria benetan!

Baina, tira, filma “saldu” eta gero, noan harira. Gauza da filmean Nazio Batuek bidalitako Kasko Urdinak agertzen direla, “bake indar” gisa, bi aldeekiko neutral. Bada, bertan Kasko Urdin frantses batek zera zioen, haiek betetzen zuten paperarekin kritiko: neutrala izatea ez da bakearen alde egitea, indartsuenaren alde egitea baizik.

Eta horixe bera da, hain zuzen ere, jarrera batzuek oroitarazten didatena. Baina zein jarrera dira horiek? Hona pasadizo batzuen bidez azalduta.

Izen “euskaldunegiak”

Halaxe esan zidan batek, bai, etortzekoa den semearen izen aukerak zein ziren aipatu nionean. Berak izen “neutroagoak” proposatzen zizkidan, “kosmopolitagoak”; badakizu, ezin gara gure mundu “txiki” honetara mugatu, nazioartekoak izan behar dugu eta abar eta abar.

Nik, ordea, diskurtso horri bi arazo ikusten dizkiot. Lehena da ez dagoela jatorririk gabeko izenik, “neutrorik”. Kosmopolitatzat hartzen direnek/dituztenek ere badute berea, hori bai, herri indartsuena normalean. Beraz, nik ez diot inori esango zein izen jarri bere seme alabei, eta ez dut arazorik izen ustez kosmopolita horiekin ere, baina ez zait batere zentzugabea iruditzen Euskal Herriko ume euskaldun batek izen euskalduna izatea.

Eta honekin lotuta dator bigarren arazoa: pertsona honi ez litzaioke burutik pasa ere egingo ingeles bati izen “ingelesegia” duela esatea, edo italiar bati, edo frantses bati; ezta herrialde txikiagoko bati ere, esaterako, holandar edo suediar bati.

Hitz gutxitan esanda: diskurtso ustez kosmopolita hori faltsua da. Ez da, ez neutroa, ez nazioartekoa, baizik eta indartsuen aldekoa, euskaldunoi gainerako herrien parekoak ez garela esaten diguna, eta horregatik besarkatu behar omen ditugu beste herri handiago edota “errespetagarriagoen” izenak.

Okerrena da pertsona hauek ez direla faltsukeria horretaz ohartzen, eta benetan uste dutela haien jarrera/diskurtsoa oso irekia eta kosmopolita dela; baina ez, benetan ez dira kosmopolitak, “kosmopaletoak” baizik.

Zein erradikala zaren, beti euskaraz!

Tabernako barran, aurrean latinoamerikar itxurako zerbitzaria, eta nik “bi kaña eta gintonic bat, mesedez”. Pixka bat arraro begiratu dit eta nik berriro errepikatu diot lehen esandakoa, baina oraingoan kopuruak hatzekin adieraziz. Oraingoan bai, “vale” esan eta eskatutakoa prestatzeari ekin dio. Orduan, ondoan zegoen lagunak bota dit: “Jo, Eneko, zergatik egiten diozu euskaraz, ez al duzu ikusten atzerritarra dela?”. Eta nik erantzun diot: “Horregatik errepikatu diot, modu oso onean eta atzamarrekin lagunduta. Orain, behintzat, “bat” eta “bi” ezagutzen ditu. Gainera, zuk nola zenekien ez dakiela euskaraz? Gaztea da, bertan ikasitakoa izan zitekeen, eskolan, edo euskaltegira joaten da eta praktikatzeko irrikaz dago”. Lagunak begirada okertu eta esan dit: “Zein erradikala zaren, beti euskaraz egiten duzu, berdin zaizu nor dagoen aurrean!”, eta nik, ordurako bere jarrerarekin nekatuta, bota diot: “Zu bezain erradikala! Nik, badaezpada, lehen hitza beti euskaraz egiten dut, bai, hala bizi naizelako (edo hobe esanda, hala bizitzen saiatzen naizelako); baina zuk ere, badaezpada, lehen hitza beti erdaraz egiten duzu, hala bizi zarelako. Beraz, niri ez etorri kontu eske edo akusazio faltsuekin!”.

Amorratzen nau horrek, haien espainoltasuna normaltasun eta “neutraltasun” osoz bizi dutenek zeu akusatzea, zergatik eta zuk zeure euskalduntasuna normaltasunez bizitzen saiatzeagatik, hau da, haiek egiten duten gauza bera egiteagatik.

Bitartean, zerbitzariak edariak atera eta kobratu dizkit. Kanbioak itzultzean, “eskerrik asko” eta irribarretxo batekin agurtu nau.

Ze, “panfletoa” irakurtzen?

Horixe omen da Euskal Herriko euskarazko egunkari bakarra, “panfletoa”. Gipuzkoan salduena den egunkaria, berriz, “objektiboa” eta “neutrala” da. Zein ausarta den ezjakintasuna!

Ez dut ukatuko, noski, Euskal Herriko euskarazko egunkari bakarrak bere “posizioak” dituenik: Euskal Herria du abiapuntu, eta gainerakoa atzerria da, alegia, Euskal Herriak (osoak) ezartzen duela “hemen” eta “han” arteko muga; Euskal Herri osoko albisteak ematen ditu, honela “gu, euskaldunak” ideia sustatuz, hau da, euskaldun guztiok (berdin du zein estatutan edo lurraldetan bizi) Herri berekoak garen ideia bultzatzen du; Espainiaz bezainbeste hitz egiten du Frantziaz (azken batean, egunkari honen ikuspuntutik biak baitira atzerria); euskarari eta euskarazko kultur sorkuntzari (literatura, zinema, antzerkia, musika…) zentralitatea ematen dio, baina horrek ez du esan nahi gainerakoei tokirik ematen ez dienik; eta abar.

Orain, hori guztia onartuta, goazen Gipuzkoan salduena den egunkariaren ikuspegia agerian uztera: Espainia (estatua) du abiapuntu, eta gainerakoa (Ipar Euskal Herria barne) atzerria da, hau da, Espainiak ezartzen du “hemen” eta “han” arteko muga; euskaldunen arteko banaketa eta “probintzianismoa” indartzen du, batez ere gipuzkoar eta bizkaitarren arteko etsaigoa auspotuz, baina baita Iparraldeko euskaldunak “frantses” bezala eta Nafarrokoak “nafar” bezala aurkeztuz ere, eta horrekin bigarren mailako “hemen” eta “han” bat sortzen du, probintziari dagokiona, “gu, gipuzkoarrak; gu, espainolak” ideia sustatuz, hau da, euskaldunok Herri berekoak ez garen ideia bultzatzen du; Espainiako albisteek, Frantziakoekin alderatuta, zentralitate osoa dute (azken batean, egunkari honen ikuspuntutik “gu” espainolak gara eta “haiek” frantsesak, kitto); euskarak eta euskarazko kultur sorkuntzak ia ez dute tokirik, bazterrekoak dira, eta aipatzen direnean ere gehienetan kutsu folklorikoz tratatuak dira, eta euskara ia beti “inposición” edo “coste” hitzekin lotuta joan ohi da; eta abar.

Hortaz, bai, egunkari bakoitzak bere ikuskera du, eta norberak jakingo du zein nahiago duen. Baina arriskutsuena da ez ohartzea guztiek dutela ikuspuntu jakin bat, horrela sartzen baitigute haien ikuspegia buruan konturatu ere egin gabe.

Azken batean, horixe da ustezko neutraltasunaren alderdi maltzurrena, engainatu egiten duela. Diskurtso hegemonikoak (boteretsuenak) bere ideologia eta ikuskera ezkutatu egiten du egia objektibo eta absolutuaren (neutraltasunaren) itxurapean, eta pertsonok, “neutral” eta “objektibo” izan nahi horretan, ez gara ohartu ere egiten indartsuenen diskurtso eta jarrerak “irentsi” baizik ez ditugula egiten.

Hau da hau… Bai gezur borobila, neutraltasunarena!

Eneko Oiartzabal Gerriko

Hondarribia aldizkarian 2018ko abuztuan argitaratua

 

 

 

Lehen inpresioaren garrantzia

Batzuetan badugu joera pentsatzekoa gu garela geure ekintzen jaun eta jabe osoak, geuk egiten dugun guztia geure baitatik hala atera delako egiten dugula, inolako baldintzapenik gabe: nire nahiak, desirak, gustuak neureak baino ez dira, eta horien arabera egiten dudana, neuk hala nahi dudalako egiten dut, kitto. Ai, hain erraza balitz!

Errealitateak, baina, erakusten digu gauzak ez direla hain sinpleak; bestela, egin honako galdera hauek zeure buruari eta pentsatu une batez: zergatik gustatzen zaizkit otarrainxka (langostino) egosiak eta ez matxinsalto erreak? Zergatik nahiago dut futbola eta ez errugbia? Zergatik janzten ditut galtzak eta ez txilaba? Eta zergatik takoidun zapatak eta ez mokasinak?

Nik esango nuke nahiko argi dagoela, ezta? Gure ingurunean gizarte-ohitura horiek direlako nagusi. Jakina, zorionez pertsonok ez gara automata hutsak eta badugu gizarte-ohitura horien gainean erabakitzeko gaitasuna, baina praktikan zenbaterainokoa da hori?

Pentsa dezagun pixka batean: egon daiteke norbait otarrainxka egosiak atsegin ez dituena, eta Indian jandako matxinsaltoak asko gustatu zitzaizkiona, baina gero etxean prestatzen al dituzte matxinsalto erreak bere gatz puntuan? Edo badago jendea errugbia edo eskubaloia nahiago duena futbola baino, baina zergatik da hemen futbola kirol erregea, eta Baionan, berriz, errugbia? Edo egon daiteke udan hondartzara txilaba batez jantzita joatea nahiago duenik, baina zergatik janzten ditugu gehienok galtza bakeroak? Edo badira emakumeak takoidun zapatak inoiz janzten ez dituztenak, baina zenbat joaten dira mendiko botekin ezkontza edo familia-ospakizun batera? Eta zergatik ez daude gonak edo takoidun zapatak janzten dituzten gizonezkoak?

Ez, ezin da ukatu gure ingurunean nagusi diren joerek asko baldintzatzen dituztela gure gustu eta nahiak. Eta hain geure barnekotzat eta hain propiotzat ditugun desira eta nahietan, gustu eta zaletasunetan inguruneak halako eragina baldin badu, nola ez du eragingo ba, garrantzi gutxiagokoak edo “axalekoagoak” iruditzen zaizkigun eguneroko jokabide txikietan?

Horren erakusle dugu, adibidez, lehen hitza euskaraz egitearen kontua: parekoak zein hizkuntzatan esaten digun lehen hitza, geuk ere hizkuntza horretan bertan erantzungo diogu, ia ziur. Gure hizkuntza-jokabidea parekoarengatik zeharo baldintzatuta egon ohi da, eta hortxe lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia. Zein garrantzitsua den lehen inpresioa!

Eta, hain zuzen ere, ia oharkabean igaro ohi zaigun lehen inpresio bat ekarri nahi dut gaur hona: hizkuntza-paisaiarena, hau da, gure herriko denda, taberna eta bestelako tokiek zein hizkuntzatan “agurtzen” gaituzten, nola “aurkezten” zaizkigun eta zein “lehen inpresio” ematen diguten. Izan ere, askotan garrantzi gutxi ematen zaion arren, edozein establezimendutara sartzen garenean, honek agurra egiten digu bere errotulu eta kartelekin (prezioak, produktuen izenak, oharrak…), eta horrek bezerook erabiliko dugun hizkuntzan eragina du.

Noski, lehen esan bezala, gizakiok ez gara automata hutsak eta badugu nola jokatu erabakitzeko ahalmena. Gainera, bestelako aldagaiak ere sartzen dira jokoan, esate baterako, establezimenduko langilea/jabea ezagutzen dugun ala ez. Baina lepoa jokatuko nuke, Hondarribiko denda eta taberna guztietako hizkuntza-paisaia euskara hutsez balitz, nabarmen igoko litzatekeela euskararen erabilera. Establezimenduetako errotulu eta kartelak aldatuta soilik. Ez didazuela sinesten? Zuen eta zeuen ingurukoen jokabideak aztertzera animatzen zaituztet, eta ikusiko duzue nola uste dugun baino gehiago eragiten digun.

Beraz, albora ditzagun “pertsonok nahi dugun bezala jokatzen dugu, libre gara nahi duguna egiteko” moduko mantrak, eta jabetu gaitezen zenbateraino baldintzatuta gauden inguratzen gaituenarengatik. Horrela, ingurune hori nahi dugunaren alde erabil dezakegula ohartuko gara, eta hizkuntza-paisaiari dagokionez, kalean paseotxo bat ematea baino ez dago, ikusteko oraindik zenbat egin dezakegun gure herriko denda, taberna eta bestelako tokiek “agurra” euskaraz egin diezaguten.

Eneko Oiartzabal Gerriko

Hondarribia aldizkarian 2018ko maiatzean argitaratua

Basque Country “cool” & “guay”

Badakit euskaldunok konplexuz beteta gaudela geure hizkuntzari dagokionez: txikia dela, arraroa dela, zaharra dela (ez modernoa)… Eta, jakina, ideia hori berretsi egingo dute ondoan ditugun hizkuntza latinoekin alderatzen dutenek, horiek handiak baitira eta elkarren antzeko. Baina ikuspegia zertxobait zabaltzen duenak ikusiko du badirela munduan gurea baino hizkuntza txikiagoak (izan ere, gehienak halakoxeak dira), arraroa ala arrunta izatea erlatiboa dela (txinatar batentzat zein ote da arraroagoa, euskara, gaztelania ala alemanera?). Eta txikiak edota ondokoekiko ezberdinak izategatik ez dabiltza guztiak konplexuz beteta, ikus, bestela, islandiarrak eta finlandiarrak, hurbileko kasu batzuk aipatzearren.

Beraz, argi dago konplexu horiek hizkuntzaren beraren ezaugarriengatik baino, egoera soziolinguistikoarengatik gertatzen direla/zaizkigula: azken mendeetan azpiratua, zapaldua, gutxietsia eta barregarri utzia izan da euskara eta euskaldunak, eta horren zama oraindik ere gainean daramagu, guztiz kendu ezinik.

Baina ez nuen pentsatzen gaur egun oraindik hainbestekoa zenik konplexu hori, eta berau kentzeko ahalegina egitetik urrun, indartu egiten duen joera ridikulu batek gurean hainbesteko indarra hartuko zuenik. Guztiari ingelesezko izena jartzeaz ari naiz, horixe bera gertatu baita orain gutxi egin den Euskal Herriko Itzuliarekin. Ez diote Itzulia Basque Country izena jarri ba?!?! Hori bakarrik behar genuen!

Hala ere, esan behar da ez dela gauza berria, ez. Hor ditugu Bilbao Exhibition Center, Basque Culinary Center, Gipuzkoa Basquet Club… Baina oraingoan ez dute gauza berri bat sortu ingelesezko izenarekin, baizik eta lehendik ere bazegoen eta bere izena zuen zerbaiti aldatu diote izena. Horrela, hasieran gauza “puntuala” zirudiena joera orokor eta gero eta jasanezinagoa bilakatzen ari da, eta anekdota huts izatetik haratago igaro dela iruditzen zait.

Horren erakusle, beste adibide bat: orain gutxi Ficoban garagardo-azoka bat antolatu zuten, asteburu batez egin zena. Ba al dakizue zein izan zen haren izena? Bask´n Brew Beer Festival, ez gehiago, ez gutxiago. Harrapazank! Eta ez pentsa atzerritarrez bete zenik, ez, izenak dioen bezala, euskal garagardo ekoizleak izan baitziren bertako protagonistak, eta bezeroak ere, ia denak euskal herritarrak. Beraz, aitzakia gutxi.

Baina irudipena dut zenbaitetan ingelesezko izena jartzen dela euskaldunok ez kexatzeko: halakoetan, sarri(egi)tan, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa izan ohi da eta gaztelania (edo frantsesa) jaun eta jabe, baina, antza denez, ingelesezko izena jarrita, uste dute euskararen bazterketa hori ezkutuan gelditzen dela, disimuluan-edo, besteok ergelak bagina bezala…

Eta, hain zuzen ere, horixe gertatu da Itzulia Basque Country-rekin, kontua are mingarriagoa eta iraingarriagoa bihurtuz: izen ofizialei muzin egin eta “Elgueta” edo “Igueldo” modukoak jarri dituzte lasterketako karteletan. Hortaz, euskarazko izena baztertu, ingelesezkoa jarri eta, gainera, herrien izenak espainol garbian jarri, horiek bai, inolako konplexurik gabe. Hertzainak taldeak zioen bezala: “Hauxe duk, hauxe, gure destinu petrala!”.

Eneko Oiartzabal Gerriko

Hondarribia aldizkarian 2018ko apirilean argitaratua

 

Zer erein, hura bildu

Hasi da pixkanaka-pixkanaka udaberriaren epela agertzen, eta hasiak gara eguneko planak eta bidaiak antolatzen. Ziur zuk ere bidaiak egiten dituzula, ezta? Bada, halakoak egiteko zailagoa den sasoia, negu gorria, neuk bestelako bidaiak egiteko probesten dut: Antzinaroko inperioen garaira, Erdi Aroko erresumetara, mamut eta oreinak ehizatzen zituztenen leize-zuloetara… Eta oraingoan etorkizuneko Europara bidaiatzea erabaki nuen, geroak ere beti baitu bere xarma, ezta?

Bai, ondo irakurtzen ari zara, nik, neguan, tokietara ez, garai ezberdinetara bidaiatzea dut gogoko. Baina, aizu, bakoitzak bere apetak ditu: batzuek urruneko toki beroak atsegin dituzte, beste batzuek elurra dute nahiago, beste batzuek hiri handi eta grisak… Bada, nik garai ezberdinetara bidaiatzen dut.

Eta gauza da etorkizuneko Europan barrena nenbilela, agiri oso interesgarri bat heldu zela nire eskuetara, eta bertan jartzen zuena hona ekartzeko oso aproposa iruditu zitzaidan. Testua, berez, neoalemanieraz idatzita dago, 2025 urtean sortu zen/sortuko den Europar Inperioko hizkuntza ofizialean, baina garai honetako irakurleek uler dezazuen, neuk euskarara itzulita ekarri dut hona:

Europako Auzitegi Gorenak, Espainiako eta Frantziako Länderren (eskualde autonomoen) kexei erantzunez, honakoa ebatzi du:

  • Ezin da Erakunde Publikoetako lanpostuetarako deialdietan, baita Espainiako eta Frantziako Länderretako postuetan ere, hizkuntza erregionalak jakitea beharkizun gisa ezarri, hizkuntza nazionala –neoalemaniera- soilik dakiten gainerako herritarrentzat diskriminatzailea delako.

  • Erakunde publiko oro behartuta dago edonolako erakunde eta herritarrekin dituen harremanetarako sortzen dituen agiri eta dokumentu ofizialak europar guztion hizkuntza ofizialean, nazio-hizkuntzan –neoalemanieraz, alegia- egitera, baita espainiera eta frantsesa koofizialak diren lurraldeetan ere. Erabaki hau ez doa erregio-hizkuntzen aurka, berauek koofizialak diren eremuetan hizkuntza nazionalarekin batera erabiltzeko aukera izango dute-eta, betiere, hala nahi izanez gero.

  • Hezkuntza publikoan bermatuta egon behar da neoalemaniera komunikazio-hizkuntza gisa duen eskolaratze-eredua, gurasoek hala nahi izanez gero, baita nazio-hizkuntzaz gain beste hizkuntza ofizial bat duten Länderretan ere. Oroitarazi behar da erregio-hizkuntzan (kasu honetan, frantsesez edota espainolez) ikasteko eskubidea onartua badago ere, Europako hiritar guztiek nahitaez jakin beharreko hizkuntza bakarra hizkuntza nazionala dela, hau da, neoalemaniera.

Noski, erabaki hau ez zaie batere gustatu frantses eta espainolei, ezta gainerako erregioei ere, eta normala da. Alemaniarrei gainerakoen gainetik jarri izana leporatu diete, eta arrazoi osoz. Baina, nahiz eta niri ez gustatu batere neoalemanieraren posizio menperatzaile/inperialista hori, egia esan, ezin izan dut saihestu irribarre maltzur bat, frantses eta espainolak ataka horretan ikusita. Zeren eta akaso ez al da hori bera gaur egun haiek guri egiten digutena? Hala, “Odolkiak ordainetan!” izan da burutik pasa zaidan lehen gauza.

Eta esango duzu: eta epai horrek ez al die euskaldunei eragingo, ala? Edo desagertuta egongo gara ordurako? Edo herri burujabe bat izango gara eta horregatik erabaki horrek gurean ez du eraginik izango? Bada, ez dizut den-dena kontatuko, ezta? Bestela, bidaiatzeak misterioa eta xarma galduko luke.

Nik gauzatxo bat bakarrik esango dizut: segi dezagun jo ta ke lanean, gure gurasoek lehenago egin zuten bezala, eta horiek baino lehen gure aitona-amonek, munduko kultur-aniztasunarekin akabatzen ari den “sistema global” honen aurrean euskaldun gisa bizitzeko dugun eskubidea tinko defendatzen. Eta horrela eginez gero, baliteke etorkizunean hemen deskribatutako egoera iraganeko amesgaizto bat baino ez izatea euskaldunon oroimenetan.

Zeren eta, badakizu, denborak bakoitza bere tokian jartzen du: menperakuntza ereiten duenak, menperakuntza bilduko du; ezer ereiten ez duenak, ez du ezer bilduko; eta norberaren kultura ereiten duenak, kolorez betetako mundu bat bilduko du.

Eneko Oiartzabal Gerriko

Hondarribia aldizkarian 2018ko martxoan argitaratua

Joerari kontzientzia

Lehengoan lagun batekin hizketan, euskaraz gutxi egiten duela hasi zitzaidan. Ez ginen aurrez aurre ari, teknologiek eskaintzen dizkiguten modu (berri) hauek baliatuz baizik, alegia, mezu-trukean. Ez dut gogoratzen zehazki elkarrizketa zerk eragin zuen. Beharbada, mosaiko erraldoiaren kanpaina izango zen? Euskararen inguruko zerbait izan zen. Hori seguru. Umeekin baietz, baina helduekin ia beti gazteleraz egiten duela. Bera izaten dela askotan euskaraz mintzatzeko proposatzen duena. Horra, bere berezko borondatea. Baina inertzian erortzen dela. Gaztelerarako joera handia duela. Eta euskaraz egitea kosta ere egiten zaiola. Gero eta gehiago, gainera. Eta horrek kezkatu egiten duela. Euskara galtzen ari dela iruditzen zaiola, lausotzen ari zaiola, ezabatzen ari zaiola. Eta horrek kezkatu egiten duela. Benetan kezkatzen.

“Joerari kontzientzia”, erantzun nion. Eta bilatzeko konplizitateak besteengan. Eta saiatzeko, ez etsitzeko… Eta horrela aritu ginen mezu-trukean.

Elkarrizketa transzendentea iruditu zitzaidan, txat sistema hauetan ohikoan ez bezalakoa.

Inork behartu gabe, zeuk zeure hautuz egiten duzunak, zeuregan dauzkan ondorioak batzuetan ez baitituzu atsegin, eta horren inguruan pentsatzera ekarri ninduen mezu-trukeak.

Inork behartu gabe egiten duzunak, bai, baina hautu kontzienterik gabe, ordea. Are gehiago, zeure kontzientziari galdetuz gero, eguneroko hautua, inertziaren hautua, zeure hautu kontzientea izango zen horren kontrakoa delarik.

Bihotzean daramaguna, nahi duguna, barru-barrutik ateratzen zaiguna egitea garrantzitsua da. Ez da erraza izaten, ez. Gaurko gizartean ez da inondik ere bide errazena. Eta askotan ez dugu lortuko. Baina ezin dugu amore eman. Bestela, gurea ez den bizitza batean txertatua aurkituko dugu noizbait geure burua, gure berezko izatearekin zerikusirik ez duen bizitza batean. Eta hori ez da batere erosoa.

Hori gertatzen bazaigu ezin gara ondo sentitu, ezin gara gustura egon, ez gara gure bizitzaren jabe izaten ariko. Gorputz arrotzean bizitzera kondenatuak. Noizbait, bizi dugun fantasiaren geruzak desagertuko dira, eta ondoezak, frustrazioak, hutsuneak, haserreak hartuko gaitu, dela gertatzen zaigunaren kontzientziaz, dela batere kontzientziarik gabe, gure ondoezaren zergatiaren susmo zipitzik gabe. Norbait, zerbait, guk hauspotu nahi ez genuen logikaren bat, izan da gure eguneroko hautuen jabe, gure gorputzaren jabe, hein handi batean, eta borrokatu nahi genuen horren zoritxarreko laguntzaile bihurtu gara.

Ez da zalantzarik gaur egun euskaraz egitea boladaren kontra egitea dela, olatuen kontra, inertzien kontra. Hauslea dela. Gaztelaniak, frantsesak, ingelesak… duten botere hegemonikoen kontra egitea dela. Emakumeen berdintasunaren alde egitea hauslea den bezala, gizonena den mundu honetan. Edo giza duintasunaren alde egitea hauslea den bezala, gizagabetze joerak natural hartzera iritsi garen honetan. Edo ingurugiroaren zaintzaz modu eraldatzailean aritzea hauslea den bezala, etxerik gabe (etxe goxorik gabe, behintzat) geratzeko arriskua dugun honetan. Badira, bai, eremu horietan guztietan, eta euskara ez da salbuespena, diskurtso hegemonikoak bereganatzen saiatu diren leloak. Baina horrek ez gaitzala gehiegi erlaxa, eraldaketa gertatuko bada, ez baitute hegemoniek ekarriko. Horretaz ohartuaz, gertatzen denaren eta zaigunaren kontzientzia hartuaz gure berezko izateari bide egingo diogu. Helmuga ez da gure esku egongo, ez, beharbada ez, baina bizitza bidea da.

Euskarak ere balio du, bai, kontzientziak mugitzeko!

Maite Darceles, Blagan-eko kidea

Hondarribia Aldizkarian argitaratuta, 2017ko abenduan

 

EUSKARA, JALGI HADI MUNDURA?

Hasteko, Maite Berrueti lapurtutako galdera batekin hasiko naiz: NASAra idatzi beharko bazenu, zein hizkuntzatan egingo zenuke? Pentsatu erantzuna, eta beheko testua irakurri eta gero, egin berriro galdera hau zeure buruari.

Dagoeneko gehienek jakingo duzuen bezala, hemendik gutxira, abenduaren 3an, Frantzisko Xabierkoaren egunean, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da: egingo dira ekitaldiak, esango dituzte batzuek eta besteek euskararen aldeko hitz politak, aldarrikatuko dute euskara mundu osora, entzungo dugu euskararen txantxangorriaren abestia behin eta berriz…

Hain zuzen ere, Frantzisko Xabierkoaren garai bertsukoa zen eta, hau bezala, nafarra zen Bernart Etxepareren hitzak bihurtu zaizkigu Euskararen Egunaren lelo nagusi: euskara, jalgi hadi plazara, jalgi hadi mundura! Eta halaxe gabiltza gu ere, ia 500 urte beranduago, euskarari bere tokia eman nahian-edo.

Halaxe egin zuen, adibidez, Hondarribian bizi izan zen Joxe edo “Joseba” Ormazabal apaizak 1969an: Neill Amstrong, Michael Collings eta Edwin E. Aldrin ilargira heldu eta handik itzuli zirenean, Joxek zorion eskutitza bidali zien NASAra, euskaraz. Eta erantzuna jaso ere jaso zuen. Hortaz, hark ez zuen zalantzarik izan, eta “euskara, jalgi hadi mundura!” leloa bere eginez, konplexurik gabe erakutsi (eta demostratu) zuen euskarak gainontzeko hizkuntzek adina balio duela, gurerako zein mundu zabalerako.

Baina batzuetan batek ez daki aurrera goazen ala atzera, egia esan. Izan ere, orain ia bostehun urte edo orain ia berrogeita hamar urte ez bezala, euskara administrazioan, unibertsitatean eta beste hainbat eremutan sartzea lortu dugu. Baina badirudi “gure” administrazioan, “gure” unibertsitatean, guretzat denean soilik balio duela, eta orain hainbeste urte Joxek emandako lezioa, ikasi ordez, ahantzi zaigula; bestela, galdetu Urkullu jaunari, bai, gure Lehendakariari.

Urkullu orain gutxi Quebec aldean ibili da eta bertako ordezkari politikoekin elkartu. Eta itxura denez, gure Lehendakariak ez daki frantsesez; beraz, itzultzaile batekin aritu da. Horraino dena normal, dena ondo. Kontua da Quebec-en euskaldunok (zati handi bat, behintzat) ordezkatzen gaituen pertsonak ez duela itzultzailea izan frantsesa eta euskararen arteko zubia egiteko, Quebec-Euskadi harremanak eskatu beharko lukeen moduan, baizik eta frantsesa eta espainolaren artekoa egiteko! Beraz, hortxe ibili zaigu Urkullu jauna, munduan zehar, gure izenean eta espainol jatorrean, gero frantsesera itzulia izateko. Ai, gure Joxe apaizak burua altxatuko balu!

Baina, tira, Lehendakaria egurtzen eta harrikatzen hasi aurretik, begira diezaiogun geure buruari ere: ez al dugu gauza bera egiten guk, aurrean duguna ezagutzen ez dugunean, automatikoki erdaraz egiten diogunean? Eta arazoa hori bakarrik balitz, gaitzerdi! Baina zenbatetan egiten dugu euskaldunon artean erdaraz? Eta zer egiten du hainbeste euskaltzalek egunkari erdaldunak irakurtzen, albistegiak ETB2n ikusten, edota Facebook gaztelaniaz erabiltzen? Ba, suizidatu. Maialen Arzallusek Euskadi Irratian primeran azaldu zuen moduan, euskaldunok geure hizkuntzan egin genezakeena beste batean egiten dugun aldiro, geure buruaz beste egiten dugu. Aldiro-aldiro geure barneko zatitxo bat akatzen dugu eta, horrela, zatitxoz zatitxo, zeharo arrotz bihurtu arte.

Hortaz, geure buruarekin guztiz bukatu baino lehen, Bernarten eta Joxeren izpirituek bidea argitu diezagutela, eta jalgi dezagun euskara mundura!

Amaitzeko, aipatutakoez zenbait ohar:

  • Joxe apaizaz: Joxeren eta bere lezioaren berri Maite Berrueti zor diot, eta Hondarribia aldizkariko 162 zenbakian argitaratu zen, 2004ko maiatzan.
  • Urkulluren abenturez Quebec-en: argi azaldu zituen Jose Mari Pastorrek Berrian, azaroaren 4an, Quebecen espainolez izeneko artikuluan.
  • Euskaldunon suizidioaz: Maialen Arzallusek ezin hobeto deskribatu zuen euskaldunon joera suizida Euskadi Irratiko Faktoria saioan, azaroaren 6an.
  • Euskararen txantxangorriaz: badakizue kukuak, gehienetan, txantxangorriaren kabian jartzen omen duela bere arrautza eta txantxangorriarena bota? Eta azken honek arrautza arrotza berea balitz bezala zaintzen duela? Eta nik diot: ez al zegoen euskararen irudia izateko beste txoririk?

Eneko Oiartzabal Gerriko, Blagan-eko kidea

Hondarribia Aldizkarian argitaratuta, 2017ko azaroan