Eusko Label liga: hau ezin da errepikatu

Abuztuaren hasieran jakin denez, Traineru Kluben Elkartearen (TKE) ikus-entzunezko plataformak (ACT TV) gaztelaniaz hitz egitera derrigortu nahi izan zuen Donostiarra Arraun Elkarteko kide bat uztailaren 25ean, Lekeition jokatutako estropadaren ondoren.

Euskal Herrian Euskarazen (EHE) bidez salatutako egoera horren aurrean, honakoa adierazi nahi dugu kostaldeko herrietan euskararen alde lan egiten dugun bost eragilek:

1) Elkartasuna adierazi nahi diogu adierazpenak euskaraz bakarrik egin nahi izan zituen arraunlariari. Egunero jasan behar izaten ditugu horrelako egoerak eta garrantzitsua da presioen gainetik euskaldun gisa ditugun eskubideei tinko eusten dieten pertsonak agertzea, baita mota horretako gertakariak eremu pribatuan ez geratzea ere, euskararen erabilera denoi dagokigun zerbait delako.

2) Eusko Label liga antolatzen duen TKEri eskatzen diogu bere komunikazio-politika alda dezala, euskaraz hitz egin nahi duten arraunlariak ez daitezen presionatuta sentitu, uztailaren 25ean gertatu zen bezala. Euskal Herrian gaude eta euskaraz bakarrik hitz egin nahi izatea guztiz zilegi da. Lehiaketaren komunikazio-lanak hizkuntza batean baino gehiagotan egin behar badira, TKEk asmatu beharko du nola eseri tosta berean komunikazio eleanitza eta euskaldunei zor zaien errespetua.

3) Goi mailako kirolariak gizartearentzat erreferente dira, ez bakarrik lehiatzen direnean, baita jendaurrean agertzen direnean ere. Horregatik, Eusko Label ligan parte hartzen duten arraunlari guztiak animatu nahi ditugu ACT TV-k eta beste hedabideek egiten dizkieten elkarrizketetan euskaraz egitera (baita galizieraz ere, herrialde hartako arraunlarien kasuan). Arrauna kirola baino gehiago baita: neurri batean, bizi garen herriak ordezkatzen dituzte gure traineruek. Erakutsi dezagun herri euskaldunak garela.

Sinatzaileak:

Axola euskara elkartea (Abanto)

Bagera euskaltzaleen elkartea (Donostia)

Blagan euskara elkartea (Hondarribia)

Karkara Taldea kultur elkartea (Orio)

Zuhatza euskara elkartea (Deba)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.