Hondarribia, Hondarbi(y)a, Onddarbi edo Fuenterrabia

Hara zenbat izen herri bat izendatzeko! Bada, hauxe da gure herriari gertatzen zaiona. Zein den hitz egiten edo idazten duenaren araberakoa izango da gure herriaren izena.

Euskaltzaindiak 70eko hamarkadaren bukaeran finkatu, eta 1980an, udalak onartu zuen Hondarribia zela izen ofizial bakarra.

Deklinabidea honela delarik:

Hondarribia                                                         * Ez Hondarribi

Hondarribian                                                      * Ez Hondarribin

Hondarribitik                                                       * Ez Hondarribiatik

Hondarribira                                                       * Ez Hondarribiara

Hondarribiko                                                       * Ez Hondarribiako

Herritarrak, berriz, hondarribiarrak gara.      * Ez Hondarribitarrak

Beste gauza bat da, ordea, hitz egiterakoan edo idazterakoan zein izen erabiltzen dugun.

Aspaldi honetan, gero eta gehiago, Onddarbi entzuten da, euskaraz jatorra delakoan –idazterakoan Onyarbi ere erabiltzen dute–.

Baina ez da horrela, hondarribiarrok –edo hondarbitarrok, bertakook esaten dugun bezala–, euskaraz egiten dugunean, ez dugu

Onddarbi erabiltzen, Hondarbi(y)a baizik.

Deklinabidea honela delarik:

Hondarbi(y)a                                                      * Ez Onddarbi

Hondarbi(y)an                                                    * Ez Onddarbin

Hondarbitik                                                         * Ez Onddarbitik

Hondarbira                                                          * Ez Onddarbira

Hondarbiko                                                         * Ez Onddarbiko

Eta herritarrak hondarbitarrak gara.               * Ez Onddarbitarrak

Onddarbi-Onyarbi hori Irungo eta Hondarribiko erdaldunek, edo euskaldunek gaztelaniaz egitean, erabiltzen zuten: voy a Onyarbi; Aupa Onddarbi!, eta abar.

Fernando Artola Bordarik honela esaten zuen 1980-04-18an Hondarribiko Udalean irakurri zuen Hondarribiko Mintzairan Bertako Berri [EUSKERA XXVI (2. Aldia)] bere idazlanean: «[…] ta irundárren ábotan (burlóso alénak) “Onyarrabíko kanpanttórrian karramárruak dantxan”. Guré ttiki dénboretan Onyárbi deitzen ziguténian, burla bezéla artzén nugún. […]» Noski, tildeak bertako doinua ongi adierazteko jarri zizkion.

Gaur, ordea, ustez bertako mintzairaz ari garela, hitzetik hortzera Onddarbi erabiltzen dugu. Badago sare sozialetan Honddarbiko Hitzak izena duen, eta Hondarribiko hitz zaharrak jasotzen lan oso txukuna egiten ari den lekua; badago Hondarribia-Fuenterrabia –biak berdinak bailiran– izena duen beste bat; Irunen badago etxebizitza agentzia Onyarbi (sic) izena duena, eta, okerragoa dena, Hondarribiko udalaren web orrian, Honddarbi App izenarekin, agertzen den mugikorretarako aplikazioa.

Behar bada, berandu izango da ohitura hori kentzeko, baina ahalegintzea ez litzatekeela txarra izango uste dut.

Joxan Garaialde
(Hondarribia aldizkarian argitaratua)