Oporren bueltan

Ziur aski denok ibili zarete, era batera edo bestera, han edota hemen, udaz gozatzen. Hondarribiko jaietan ere murgilduko zineten, seguru (literalki diot: murgildu eta busti, bai kanpotik, bai barrutik), eta gehienok ikusiko zenuten nola egiten zuten boga gure arraunlariek, horiek ere ur artean zeharo murgilduta (edo olatuek ia irentsita esatea hobe?). Eta horrekin guztiarekin ziur gehienak ohartu zaretela uda amaitu zaigula, zein azkar igaro den, eta udazkena badatorrela, eta berarekin ikasturte berria.

Era berean, ziur nago ikasturte berria zuetako askorentzat urte berria bezalakoa dela, garai berri bati hasiera ematen diona. Eta seguru asko ez zarete gutxi izango asmo berriak zerrendatzen hasiko zaretenak: “kirola egiten hasiko naiz”, “erretzeari utziko diot”, “aurten gehiago joango naiz unibertsitateko klaseetara eta nota hobeak aterako ditut”…

Eta horietako asmo asko eta asko urterokoak izango dira, eta urtero bezala hutsean gelditzen dira gehienak, ziur: “kirola egiten hasiko naiz” “kiroldegira joan, hidromasajean edo saunan sartu eta ezagun batekin berriketan egon naiz” bihurtzen da berehala; edo “erretzeari utziko diot” zenbatetan bilakatzen den “tabakoa erosteari utzi diot” (lagun erretzaileek segituan sumatzen dute aldea); edo “aurten gehiago joango naiz unibertsitateko klaseetara eta nota hobeak aterako ditut” zein azkar aldatzen den honetara: “aurten gehiago joan naiz unibertsitatera, baina ikaskide batzuk tabernan topatu eta han gelditu naiz, ordu hartako ikasgaia gainditzea zein zaila izango den komentatuz”.

Baina, lasai, guztiei gertatzen zaizkigun gauzak dira: borondatea badago, benetakoa eta zintzoa da, baina zein zaila den betiko ohituretatik ihes egitea! Pentsa: urtetan sofan goxo-goxo eta lasai-lasai egotera ohituta dauden ipurmasailei ezin zaie eskatu hala-hola eliteko kirolariaren martxa hartzeko, hori kontraproduzentea ere bada! Edo urtetan tabakoaren sustantzien menpeko bilakatutako nerbio-sistemari ezin zaio egun batetik bestera esan horiek gabe moldatu beharra duela antsietateak jo gabe! Edo urtetan 140 karaktereko tuit edo txioek behar duten kontzentrazio mailara ohitutako neuronei ezin zaie eskatu ordubetez irakaslearen bakarrizketa aspergarria jasateko, eta gainera, gero etxera joan eta liburu trinko eta ia ulergaitz bat irakurtzen hasteko, hori esplotazioa da!

Ez, argi dago, ohitura batzuk aldatzea zaila da… Eta zer demontre! Horrela, bat batean, zure gihar, nerbio-sistema edota neuronei halako estres maila sortzea, injustua ere bai, zein erru dute haiek? Baina, orduan zer egin urtero zeuen buruarekin desengainurik ez hartzeko? Hau da, urteroko asmo guztiak hutsean gelditzen direla ez ikusteko? Ba asmo egingarriagoak, errazagoak aukeratu! Zein? Ba, adibidez: lagunen whatsapp taldean “Kdmos a l tard?” jarri beharrean, “Atsaldn glditko?” jartzea; edo taberna batean “Dos cañas” esan ordez, “Bi kaña” esatea… Oso erraza, ezta? Zaila egingo zaizue ahalegin txikiagoa eskatzen duen ezer aurkitzea.

Gainera, aldaketa erraz eta txiki horrek badu besteek (kirola egiteak, erretzeari uzteak edo gehiago ikasteak) ez duten abantaila bat: “domino-efektua”. Halako esaldi gutxi batzuekin hasi orduko parekoak ere hasiko dira horrekin kutsatzen eta, azkenean, guztiak ariko zarete euskaraz blagan, ia oharkabean eta ahaleginik gabe: neuronak estresatu gabe, giharrak sufriarazi gabe, nerbio sistema hankaz gora jarri gabe. Dudarik gabe kirola egitea, tabakoa uztea edota nota onak ateratzea baino askoz merkeagoa: ez duzue kirol arropan, kiroldegian eta fisioterapeutarenean dirurik gastatu beharko; ezta nikotinadun txikleetan, tabakoaren ordez jango dituzuen litxarrerietan edo antsietatearen erruz bisitatu beharko duzuen psikologoan ere; ezta liburu mardul eta jasangaitz batzuetan jartzen duena neurona sufrituetan sartzeko hartu beharko dituzuen Ibuprofeno guztietan ere.

Beraz, ikus dezakezuen bezala, ez duzue aurkituko ikasturte berrirako asmoen zerrendan jartzeko gauza hoberik, pagotxa handiagorik, ezer errazagorik. “Euskaraz egiten hastea” zuen asmoen zerrendan jarriz gero, ziur datorren urtean esan ahalko duzuela, behingoz, “Tira, iazko asmoetatik bat behintzat bete dut!”.

Eneko Oiartzabal Gerriko, Blagan-eko kidea

Hondarribia Aldizkarian argitaratuta, 2017ko Irailean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude