Artikulua: Kiroldegiko jardueretako hizkuntza

Hondarribiko hizkuntzen kale-erabileraren neurketaren emaitzen berri izan dugu arestian eta Blaganeko kideak behintzat ez gara batere harritu. Horregatik sortu genuen elkartea, gainbeherarekin kezkatuta geundelako.

Erabilera gutxitze horren arrazoiak askotarikoak izango dira, noski, eta ez da erraza izango beheranzko joera horri buelta ematea, ez eta hemendik aurrera non eragin behar den erabakitzea ere, baina nago toki batean gutxienez asmatzea badagoela: kiroldegian.

Ez dut hala-hola aukeratu kiroldegia. Aspalditik naiz hango bezero eta jardueretako parte-hartzaile. Herritar asko biltzen gara bertara, adin guztietakoak gainera. Kirolak bizi gaitu!

Erabileran eragiteko edozer egitasmok alderdi asko aztertu, landu, eta neurriak hartzea dakar, eta nik, kiroldegiari dagokionez, batean bereziki jarriko dut fokua: jardueretan, hau da, kiroldegiak urtean zehar bazkideentzat eta ez bazkideentzat antolatzen dituen jardueretan, eta batez ere helduentzakoetan, funtsezkoa iruditzen baitzait helduek euskaraz egitea, haurrek eta gazteek ere egingo badute.

Kiroldegiaren 2016-2017ko programak 19 jarduera mota eskaintzen ditu eta astean behin edo gehiagotan eta ordutegi diferenteetan egiten dira. Programan, jarduera bakoitza asteko zein egunetan eta zer ordutan egingo den ageri da eta horiekin batera zehazten da zer prezio duen eta baita zer hizkuntza dagokion ere; honelaxe, besterik gabe: G ala EU / G; hau da, Gaztelania ala EUskara / Gaztelania. Ez dago EU hutsezko modukorik, ezta haurrentzako jardueretan ere, non, eta euskara ulertzen ez duen umerik ia ez dagoen herri batean; bai, ordea, gaztelania hutsean, paperean behinik behin.

Jardueren hizkuntzarena ez da aspaldiko kontua. Duela gutxi arte esango nuke ez zela halako zehaztapenik egiten, ez behintzat helduentzako jardueretan. Bada zerbait; nahikoa ez, ordea.

G erako jardueretan esan beharrik ez dago zer hizkuntzatan ariko diren baina besterik da zergatik den hala. Elebakarra delako monitorea? Baliteke. Dena dela, horrek ez nau kezkatzen. Lanean hastean euskara jakitea eskatu ez bazitzaion, eskubide guztia du hark, eta euskara ikasi nahi badu eta horretarako laguntza badu, bejondeiola!

EU / G jarduerek naukate nahasita. Izan ere, horretan ariko den monitoreak elebiduna izan behar duela alde batera utzita, zer ulertu edo zer atera behar du herritarrak EU / G horretatik? Zer ondorioztatu, euskalduna bada? Zer, ez badaki euskaraz? Zer, euskara jakin ez baina ulertzeko gauza bada?

Eta monitoreak? Ele biko (?) jarduera bateko lehendabiziko egunean, nola hitz egingo die jarduera horretan izena eman dutenei? Lehenengo hitza euskaraz egingo ote die? “Arratsalde on” esan eta euskaraz jarraituko ote du? Euskaraz ba al dakiten galdetuko ote die? Deskuiduan euskaraz hasi eta bateren batek ez-dut-ulertzen adieraziz gero, nola jokatuko du monitoreak? Aurreikusita eta landuta ote daude egoera horiek? Ba ote monitoreentzako hizkuntza-jarraibiderik edo -irizpiderik nola jokatu behar duten zehazteko? Monitoreek, gainera, ezin dute aurrez jakin zenbat euskaldunekin ariko diren, izena ematean ez baitzaigu halakorik galdetzen.

Kontuak kontu, euskaldunak asko gara kiroldegian, euskara ulertzen dutenak ere ez dira gutxi eta –eskarmentuz dakit– horietako gehienek ez dute eragozpenik jartzen monitoreak euskaraz eginez gero. Jardueretako monitoreek darabiltzaten esaldi gehienak errazak, laburrak eta errepikakorrak dira –“Ez da euskara tekniko bat behar aerobika edo pilatesa emateko” zioen aldizkari honen aurreko zenbakian Hondartza Kiroldegiko gerenteak berak–, eta monitoreak esan beharrekoa konplexu samarra izanez gero, gaztelaniaz azaltzea ere baleukake. Zergatik ez, bada, EU / G gisako jardueretan batez ere euskaraz egin, horretarako gutxieneko baldintzak betez gero?

Argi eduki: edozer hizkuntzak erabilera-esparruak behar ditu, eta, gurean, euskarak eremu funtzionalak eskuratu behar ditu, euskarak beharrezkoa izan behar du zerbaitetarako, naturaltasunez erabiliko bada, hots, biziko bada; bestela, alferrik ariko gara oinez nahiz korrika.

Aukera polita du hori dena antolatzea dagokionak, eta, itxura denez, baldintza ezin hobeetan gaude gerentearen hitzak hitzez hitz sinetsiz gero: “Ez gaude gaizki euskararekin baina hobetu liteke eta horren gainean gaude, Hondarribia herri euskalduna delako, erabiltzaileek eskatzen digutelako, guk ere horrela nahi dugulako eta Udalak enpresarekin duen kontratuaren baitan (sic) dagoelako”. Badago nondik hasi, inondik ere. Asmatuz gero, erabilerak baietz gora egin!

 

Mikel Maioz, Blaganeko kidea.

Hondarribia aldizkarian argitaratuta, 2017ko apirilako edizioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.