‘JAINKO BASATIA’ EUSKARAZKO ANTZERKIA IGANDEAN ITSAS ETXEA AUDITORIUMEAN

Jainko basatia

Datorren igandean, otsailaren 5ean 20:00etan, ‘Jainko basatia’ antzerkia komedia dramatikoa izango dugu euskaraz Itsas Etxea Auditoriumean. Sarrerak 10 eurotan saltzen dira, 5 eurotan 18 urtetik beherakoentzat,  https://ticket.kutxabank.es/ gunean, ARMA PLAZAn larunbata arte eta ekitaldia hasi baina bi ordu lehenagotik Itsas Etxean bertan.
Zuzendaria Begoña Bilbao da eta egilea Yasmina Reza. Aktoreak aldiz, Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Tessa Andonegi, Mikel Laskurain eta Andoni Agirregomezkorta dira.
Bi bikote ezkondu elkartzen dira euren seme-alaben arteko liskarrak konpontzeko asmotan; izan ere, bikote baten semeak besteari eraso egin dio. Giza-legez eta edukazio handiz abiatu den bilerak beste bide bat hartuko du, elkarri kristonak eta bi esaten hasten direnean, bata eta besteen frustrazio eta mixeriak azalduz. Ane (Aitziber Garmendia), Alexen emaztea da eta banku baten egiten du lan. Emakume lasaia dirudi, baketsua, alkoholaren aparretan murgiltzen den arte. Alex (Mikel Losada) arrakasta handiko abokatu gaztea da, zintzoa, burlatia, zuzena eta mugikorrik izan ezean, galduta dabilen horietakoa. Xanti (Andoni Agirregomezkorta/ Mikel Laskurain) Veronikaren senarra da. Burdingilea, gizon lasaia eta emaztearen gonapean bizi dena, bileran zehar lehertzen den arte. Emaztearen kontra egingo du bere alderdi ilun eta arranguratsuak erakutsiz. Veronika (Tessa Andonegi) kultura handiko etxekoandre aurrerakoia da. Tragu pare bat hartuz gero itxuraldatu eta erresumindu egiten da, bere frustrazio guztiak azaleratuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude