Jon Martinez “Txiki”-rekin algaraka atzo

txiki1Hasiera bikaina eman dio Jon Martinez “Txiki”-k Blaganek antolatutako udako bakarrizketei. Palacete Hotelaren terraza kokaleku paregabea izan da, gainera, bertaratutako berrogeiren bat lagunek ikuskizuna gozatzeko. Batzuk eroso hasieratik mahaietan eserita, beste batzuk kanpoan gelditu dira inguratu ahala, burdinazko hesiaren atzean, eta hori ere baliatu du Txikik haiek kartzelan zeudela esanaz.

Algarak bota ditugu, malkoren bat ateratzeraino, eta irribarrea ezin izan dugu aurpegitik kendu bakarrizketak iraun duen ordu eskasean.

Bere agenda itxian tartea egin digula aitortu digu, Txikik, hori bai, emanaldia egokituz, Bilboko BEC-ean, Londonen, Bartzelonan… milaka lagunen aurrean egiten duena ezin baitzuen agertoki honetan egin, noski, batez ere ikus-entzunezko ikuskizunari dagokionez.

Eskola garaietara eraman gaitu, orduko hainbat ohitura eta bitxikeria gogora araziz… Tang hautsen xorro bat ere atera du, auskalo nondik! Txisteak, txiste  txarrak, hitz jokoak, magia… Txisteak txarrak baziren magiaz zer esan…

Gure amodiozko zenbait kanten analisia ere egin digu: Itoitz, Eñaut Elorrieta, Mikel Markez, Berri Txarrak…  Eta nola ez, euskaldunon ligatzeko moduaz ere barre egin arazi digu. Geure buruaz barre egitea osasuntsua omen. Hitz batean, ikuskizun bikaina izan da, eta arina.

txiki2Umil egon da, egoera ondo kontrolatuz, eta publikoarekin oso ondo konektatu du. Poztu gaitu bukatu denean bere aurtengo ekitaldietako onenetakoa izan dela aitortu digunean. Giro eta baldintza egokiak eman dira, beraz. Eta hor Blaganek meritu txikia badu, ez?

Grazia egiten duena ez da txistea bera. Baizik eta tipo bat gure aurrean jartzea txorakeria bat egin eta horretaz elkarrekin barre egiteko. Berarekin lortzen duzun konexioak egiten dizu barre arazi, enpatia horrek, eta Hondarribiko ikus-entzuleekin Txikik oso ondo enpatizatu duela argi dago.

35 urte ditu Txikik, eta ibilbide luzea aurretik hainbat ilunabar alaitzeko eta barrez lehertzen jartzeko. Zorionak! eta segi horrela, Txiki. Eta zutaz gozatzen jarrai dezagula guk guztiok! Plazera izan da eta.

Eta mila esker baita ere Palaceteko jabeei ekintza hau bertan antolatzeko prest egoteagatik.

Maite Darceles

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude