Kultur ekintzen kronikak: “Zizelkariak Hondarribian”

Blaganek hilero antolatzen dituen kultur jarduerak bertan behera utzi behar izan ditugu, baina tarte honetan,  jadanik pasatu diren ekintzen inguruko hausnarketak ekarriko ditugu gogora. Hemen urtarrilean izandako  “Zizelkariak” jardueraren inguruko kronika, disfrutatu.

—————————–

Zizelkariak Hondarribian (*)

zizelkariak

Sustrai Colinak 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bukaerako agurra honela amaitu zuen:

Euskal Herria gelditu
ez dadin euskal erdian
bila ditzagun arnas ta
ardatzak periferian.

Aldiriko arnas bizigarri horren lagin polita eskaini digu Topatu.eus gazte proiektu komunikatiboak Zizelkariak izeneko dokumentalarekin. Euskal Herriko periferia erdigunera ekartzea helburua duen filmak gure geografiaren ertzetan hainbat mugimenduetan lanean ari diren sei gazteri ahotsa ematen die.

Urtarrilean Zizelkariak dokumentala ikusteko aukera izan genuen Hondarribiko Gatzetxean. Blaganek antolatutako urteko Kultur Programazioaren barruan, Ainara Conde eta Maddi Ane Txoperena lesakarrek azaldu ziguten ikusentzunezko horren ekoizpen prozesua.

Dokumentalak adierazten digu lur egurtua dela gurea eta sei gazte euskaldun hauek, ertzetako lur egurtuan jaio eta hazitakoak, arrotz sentitu izan direla kontatzen digute. Tuterako mugimendu feministako kidea den Edurne Sanchezek euskaraz hitz egiteaz lotsatzen zela aipatzen du. Euskaraz hitz egiteagatik oso markatua sentitu izan dela eta euskaldun gisa jasaten zuen zapalkuntza horretatik bizitu zuen feminismoaren beharra. Martta Irigoien gazteak dantza eta antzezpenarekin gorpuzten du euskara Amikuzen. Gazteek modu kolektiboan euskara Baxenafarroako paisaian gorpuzten dute Libertimenduaren bidez eta Irigoienen ustez, oso garrantzitsua da gorputza plazara eramatea euskaraz sortu den zerbaiten bidez. Irunberriko gazte musikaria den Ibai Osinagak ere euskaraz abestea hautu politiko gisa hartzen du.

Antzera mintzo dira Maika Alfaro, Jon Maruri eta Arkaitz López: despopulatzeaz, prekarietateaz, etxe hutsen arazoaz, langabeziaz, turismoaren arriskuez… Alduden, Ezkerraldean, Arabar Errioxan, Amikuzen, Irunberrin edo Erriberan bizi duten errealitate soziopolitikoa aldatu nahi duten euskal hiztun gazteak dira. Sei ertz, sei ahots, sei borroka. Lur egurtuan jaio eta zizelkari bihurtu diren sei gazte.

Lur eta hizkuntza egurtua da gurea, eta  Hondarribiko Gaztetxera bertaratu ginenon artean solasaldia interesgarria sortu zen. Filmean agertzen diren Tutera, Amikuze edo Ezkerraldeko gazteak “euskararen periferia geografikoan” erraz kokatzen ditugu. Baita Maule, Gasteiz edo Balmasedakoak ere. Azpeitia, Tolosa edo Oiartzun, ordea, erdigunean kokatuko genituzke. Baina, non ipiniko genuke Hondarribia? Euskararen erdigunea al da txol herri eder garbi hau? Non kokatuko zenuke Hondarribian euskaraz aritu nahi dutenak? Gizartearen erdigunean ala periferian? Zer gara euskal hiztunak Hondarribian erdigune ala ertz?

Ez dut uste garrantzi handiegirik duenik galdera horien erantzun zehatza zein den jakitea. Susmoa dut euskaraz aritu nahi dugun guztiok nahiko periferikoak garela, horregatik erdigunea eta ertza non kokatzen dugun baino, euskaraz lasai, lotsarik gabe eta lotsagabe egiten duten hiztunak behar ditugu: Alduden, Orion, Irunberrin eta Markinan. Hondarribian ere denon ekarpena ezinbestekoa da: kaletar, zahar, etorriberri, haur, gazte, kanpotar, baserritar, bañista ala gazte.

Zizelkariak dokumentalean euskaraz hitz egiten duten gazteak agertzen dira; Tutera, Arberatz, Mamariaga, Aldude, Irunberri eta Moretan euskaraz mintzo direnak. Askotan, kexu aritzen gara gazteen hizkuntza (eta bestelako) praktiken inguruan. Belaunaldien arteko kritikak ohikoak izaten dira, baina, ertz izendatzen ditugun herri horietan bezala, Hondarribian ere baditugu zizelkariak diren gazteak: Psilocyben musika sortzen, Billabak abesbatzan kantuan, mugimendu feministan berdintasunaren alde lanean, Gaztetxean ekimen ezberdinak antolatzen,  eta beste hainbat eta hainbat ekimen sustatzen, herrian eta herritik kanpo.

Geroa zizel, giroa pizten abesten du Olatz Salvadorrek Zizelkariak dokumentalerako egindako abestian. Hondarribian ere jarrai dezagun euskarazko giroa pizten, oraingo eta geroko zizelkari euskaldunak erdigune izan daitezen.

Post Scriptum: Zoritxarrez, Blaganek ezin izango ditu gazteekin batera jarduera gehiago antolatu Hondarribiko Gaztetxean. Martxoaren 5ean gaztetxea itxi baizuten, zizela ordez borra erabiliz; borra hitzak dituen lehen hiru esanahiak erabiliz: https://t.co/EU0lXOdihL?amp=1

(*) Testu hau Jakin aldizkariaren 236. alerako idatzitako artikuluan oinarrituta dago. Artikulu osoa hemen irakur daiteke: https://www.jakin.eus/blog/soziolinguistika/jaime-altuna-ramirez/erdigune-eta-ertzetako-zizelkariak/352

Kronikaren egilea: Jaime Altuna, Blagankidea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.