Lehen inpresioaren garrantzia

Batzuetan badugu joera pentsatzekoa gu garela geure ekintzen jaun eta jabe osoak, geuk egiten dugun guztia geure baitatik hala atera delako egiten dugula, inolako baldintzapenik gabe: nire nahiak, desirak, gustuak neureak baino ez dira, eta horien arabera egiten dudana, neuk hala nahi dudalako egiten dut, kitto. Ai, hain erraza balitz!

Errealitateak, baina, erakusten digu gauzak ez direla hain sinpleak; bestela, egin honako galdera hauek zeure buruari eta pentsatu une batez: zergatik gustatzen zaizkit otarrainxka (langostino) egosiak eta ez matxinsalto erreak? Zergatik nahiago dut futbola eta ez errugbia? Zergatik janzten ditut galtzak eta ez txilaba? Eta zergatik takoidun zapatak eta ez mokasinak?

Nik esango nuke nahiko argi dagoela, ezta? Gure ingurunean gizarte-ohitura horiek direlako nagusi. Jakina, zorionez pertsonok ez gara automata hutsak eta badugu gizarte-ohitura horien gainean erabakitzeko gaitasuna, baina praktikan zenbaterainokoa da hori?

Pentsa dezagun pixka batean: egon daiteke norbait otarrainxka egosiak atsegin ez dituena, eta Indian jandako matxinsaltoak asko gustatu zitzaizkiona, baina gero etxean prestatzen al dituzte matxinsalto erreak bere gatz puntuan? Edo badago jendea errugbia edo eskubaloia nahiago duena futbola baino, baina zergatik da hemen futbola kirol erregea, eta Baionan, berriz, errugbia? Edo egon daiteke udan hondartzara txilaba batez jantzita joatea nahiago duenik, baina zergatik janzten ditugu gehienok galtza bakeroak? Edo badira emakumeak takoidun zapatak inoiz janzten ez dituztenak, baina zenbat joaten dira mendiko botekin ezkontza edo familia-ospakizun batera? Eta zergatik ez daude gonak edo takoidun zapatak janzten dituzten gizonezkoak?

Ez, ezin da ukatu gure ingurunean nagusi diren joerek asko baldintzatzen dituztela gure gustu eta nahiak. Eta hain geure barnekotzat eta hain propiotzat ditugun desira eta nahietan, gustu eta zaletasunetan inguruneak halako eragina baldin badu, nola ez du eragingo ba, garrantzi gutxiagokoak edo “axalekoagoak” iruditzen zaizkigun eguneroko jokabide txikietan?

Horren erakusle dugu, adibidez, lehen hitza euskaraz egitearen kontua: parekoak zein hizkuntzatan esaten digun lehen hitza, geuk ere hizkuntza horretan bertan erantzungo diogu, ia ziur. Gure hizkuntza-jokabidea parekoarengatik zeharo baldintzatuta egon ohi da, eta hortxe lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia. Zein garrantzitsua den lehen inpresioa!

Eta, hain zuzen ere, ia oharkabean igaro ohi zaigun lehen inpresio bat ekarri nahi dut gaur hona: hizkuntza-paisaiarena, hau da, gure herriko denda, taberna eta bestelako tokiek zein hizkuntzatan “agurtzen” gaituzten, nola “aurkezten” zaizkigun eta zein “lehen inpresio” ematen diguten. Izan ere, askotan garrantzi gutxi ematen zaion arren, edozein establezimendutara sartzen garenean, honek agurra egiten digu bere errotulu eta kartelekin (prezioak, produktuen izenak, oharrak…), eta horrek bezerook erabiliko dugun hizkuntzan eragina du.

Noski, lehen esan bezala, gizakiok ez gara automata hutsak eta badugu nola jokatu erabakitzeko ahalmena. Gainera, bestelako aldagaiak ere sartzen dira jokoan, esate baterako, establezimenduko langilea/jabea ezagutzen dugun ala ez. Baina lepoa jokatuko nuke, Hondarribiko denda eta taberna guztietako hizkuntza-paisaia euskara hutsez balitz, nabarmen igoko litzatekeela euskararen erabilera. Establezimenduetako errotulu eta kartelak aldatuta soilik. Ez didazuela sinesten? Zuen eta zeuen ingurukoen jokabideak aztertzera animatzen zaituztet, eta ikusiko duzue nola uste dugun baino gehiago eragiten digun.

Beraz, albora ditzagun “pertsonok nahi dugun bezala jokatzen dugu, libre gara nahi duguna egiteko” moduko mantrak, eta jabetu gaitezen zenbateraino baldintzatuta gauden inguratzen gaituenarengatik. Horrela, ingurune hori nahi dugunaren alde erabil dezakegula ohartuko gara, eta hizkuntza-paisaiari dagokionez, kalean paseotxo bat ematea baino ez dago, ikusteko oraindik zenbat egin dezakegun gure herriko denda, taberna eta bestelako tokiek “agurra” euskaraz egin diezaguten.

Eneko Oiartzabal Gerriko

Hondarribia aldizkarian 2018ko maiatzean argitaratua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude