Zer erein, hura bildu

Hasi da pixkanaka-pixkanaka udaberriaren epela agertzen, eta hasiak gara eguneko planak eta bidaiak antolatzen. Ziur zuk ere bidaiak egiten dituzula, ezta? Bada, halakoak egiteko zailagoa den sasoia, negu gorria, neuk bestelako bidaiak egiteko probesten dut: Antzinaroko inperioen garaira, Erdi Aroko erresumetara, mamut eta oreinak ehizatzen zituztenen leize-zuloetara… Eta oraingoan etorkizuneko Europara bidaiatzea erabaki nuen, geroak ere beti baitu bere xarma, ezta?

Bai, ondo irakurtzen ari zara, nik, neguan, tokietara ez, garai ezberdinetara bidaiatzea dut gogoko. Baina, aizu, bakoitzak bere apetak ditu: batzuek urruneko toki beroak atsegin dituzte, beste batzuek elurra dute nahiago, beste batzuek hiri handi eta grisak… Bada, nik garai ezberdinetara bidaiatzen dut.

Eta gauza da etorkizuneko Europan barrena nenbilela, agiri oso interesgarri bat heldu zela nire eskuetara, eta bertan jartzen zuena hona ekartzeko oso aproposa iruditu zitzaidan. Testua, berez, neoalemanieraz idatzita dago, 2025 urtean sortu zen/sortuko den Europar Inperioko hizkuntza ofizialean, baina garai honetako irakurleek uler dezazuen, neuk euskarara itzulita ekarri dut hona:

Europako Auzitegi Gorenak, Espainiako eta Frantziako Länderren (eskualde autonomoen) kexei erantzunez, honakoa ebatzi du:

  • Ezin da Erakunde Publikoetako lanpostuetarako deialdietan, baita Espainiako eta Frantziako Länderretako postuetan ere, hizkuntza erregionalak jakitea beharkizun gisa ezarri, hizkuntza nazionala –neoalemaniera- soilik dakiten gainerako herritarrentzat diskriminatzailea delako.

  • Erakunde publiko oro behartuta dago edonolako erakunde eta herritarrekin dituen harremanetarako sortzen dituen agiri eta dokumentu ofizialak europar guztion hizkuntza ofizialean, nazio-hizkuntzan –neoalemanieraz, alegia- egitera, baita espainiera eta frantsesa koofizialak diren lurraldeetan ere. Erabaki hau ez doa erregio-hizkuntzen aurka, berauek koofizialak diren eremuetan hizkuntza nazionalarekin batera erabiltzeko aukera izango dute-eta, betiere, hala nahi izanez gero.

  • Hezkuntza publikoan bermatuta egon behar da neoalemaniera komunikazio-hizkuntza gisa duen eskolaratze-eredua, gurasoek hala nahi izanez gero, baita nazio-hizkuntzaz gain beste hizkuntza ofizial bat duten Länderretan ere. Oroitarazi behar da erregio-hizkuntzan (kasu honetan, frantsesez edota espainolez) ikasteko eskubidea onartua badago ere, Europako hiritar guztiek nahitaez jakin beharreko hizkuntza bakarra hizkuntza nazionala dela, hau da, neoalemaniera.

Noski, erabaki hau ez zaie batere gustatu frantses eta espainolei, ezta gainerako erregioei ere, eta normala da. Alemaniarrei gainerakoen gainetik jarri izana leporatu diete, eta arrazoi osoz. Baina, nahiz eta niri ez gustatu batere neoalemanieraren posizio menperatzaile/inperialista hori, egia esan, ezin izan dut saihestu irribarre maltzur bat, frantses eta espainolak ataka horretan ikusita. Zeren eta akaso ez al da hori bera gaur egun haiek guri egiten digutena? Hala, “Odolkiak ordainetan!” izan da burutik pasa zaidan lehen gauza.

Eta esango duzu: eta epai horrek ez al die euskaldunei eragingo, ala? Edo desagertuta egongo gara ordurako? Edo herri burujabe bat izango gara eta horregatik erabaki horrek gurean ez du eraginik izango? Bada, ez dizut den-dena kontatuko, ezta? Bestela, bidaiatzeak misterioa eta xarma galduko luke.

Nik gauzatxo bat bakarrik esango dizut: segi dezagun jo ta ke lanean, gure gurasoek lehenago egin zuten bezala, eta horiek baino lehen gure aitona-amonek, munduko kultur-aniztasunarekin akabatzen ari den “sistema global” honen aurrean euskaldun gisa bizitzeko dugun eskubidea tinko defendatzen. Eta horrela eginez gero, baliteke etorkizunean hemen deskribatutako egoera iraganeko amesgaizto bat baino ez izatea euskaldunon oroimenetan.

Zeren eta, badakizu, denborak bakoitza bere tokian jartzen du: menperakuntza ereiten duenak, menperakuntza bilduko du; ezer ereiten ez duenak, ez du ezer bilduko; eta norberaren kultura ereiten duenak, kolorez betetako mundu bat bilduko du.

Eneko Oiartzabal Gerriko

Hondarribia aldizkarian 2018ko martxoan argitaratua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude